HILBERRIA. Nanni Balestrini

Erreboltaren kronikagilea

BERRIA.
itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Matxinadak ez dira paperean asmatzen, ekinez baizik: borrokak eginez dakizu nola borrokatu». Nanni Balestrini idazleak Argia aldizkariari 2016an emandako elkarrizketatik lerroburu hori jaso zuen Maria Colera Intxaustik, eta hitz horiek jaso ditzakete Balestriniren bizitza eta obra zeharkatu duten bi ardatzak: matxinada eta idazketa. Poeta eta nobelagilea zen, 1970eko hamarkadako Italiako langile mugimenduaren kronikari izateagatik ezaguna; baita hasieratik urratu zuen estilo esperimentalagatik ere. Atzo zendu zen Balestrini, eritasun labur baten ondotik.

1935ean jaio zen, Milanen; heldu den uztailean beteko zituen 84 urte. Gaztetatik agertu zuen auzi politikoekiko eta estetikoei jakin-mina eta konpromisoa. 1960ko hamarkadan, «abangoardia berria» deitu zen literatur mugimenduko kide izan zen. Batik bat poesiako esperimentazio formalak ezaugarritu zuen mugimendu hura, eta Umberto Eco, Antonio Porta, Luigi Malerba eta Giorgio Manganelli izan zituen bidelagun, besteak beste, giro literario hartan; jendea batuz joan ahala, Gruppe 63 izena hartu zuen taldeak. Hainbat argitaletxetan lan egin bitartean, mugimendu autonomoaren alde aritu zen militantzia politikoan. «Talde subertsiboen antolatzaile» izatea egotzi zioten horregatik, eta lehenik Frantziara eta ondoren Alemaniara egin zuen alde 1979an.

Zenbait eleberri eta poema liburu plazaratuak zituen ordurako. 1971ko Vogliamo tutto (Dena nahi dugu) izango da horien artean arrasto handiena utzi dutenetako bat. Turingo Fiat auto fabrikako langile borroka jaso zuen bertan —idazlearen heriotzaren berri izatean, liburua euskaraz argitaratuko dutela iragarri du Katakrakek, Fernando Reyren itzulpenarekin—. Eleberri honetan egin bezala, Italiako giro sozial gatazkatsua erretratatzen segitu zuen ondoko lanetan ere; idazketan ere arriskuak hartuz, gauzak bestela konta zitezkeela erakutsiz.

Gli invisibili (Ikusezinak, 1987) da Balestriniren obratik nabarmentzen diren beste lanetako bat. 1977ko mugimendua eraman zuen eleberrira, 68ko maiatzaren matxinada giroaren ondotik, Italian sortu zen mugimendu politikoa; alderdi eta sindikatuetatik kanpo, gizartea eta eraldaketa antolatzeko bide berriak borrokatu nahi izan zituen mugimendu hark —eleberri horretako pasarte bat ere irakurgai dago euskaraz; Joserra Utretxek itzuli zuen 1990ean, Susa aldizkarirako—. Poeta izan zen hasieratik, eta bere eleberrietan ere ez da oharkabean pasatzen hori. Gli invisibili-ren kasuan, «poema epiko bat» bezala irakur zitekeela esan zuen inoiz: inolako puntuaziorik gabe, bakarrizketa modura, lehen pertsonan kontatu zuen gazte haiek bizitzen ari zirena: okupazioa, atxiloketak, tortura... Isiltasuna hautsi beharrez ari zen, beti boterearekiko kritiko. 1970eko hamarkadako gauzak gaur ezin daitezkeela egin azaldu zion Colerari. Ez ziren, baina, alferrik gertatu, eta ez zituen alferrik idatzita utzi: «Urte haietako irakaspenak, baina, kontuan har ditzakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.