Oiassora itzulera

Irungo Dies Oiassonis jaialdira biltzen direnek hiriaren jatorri erromatarrak ezagutuko dituzte. Bihartik igandera izango da

Donostia
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Irunen (Gipuzkoa) Dies Oiassonis jaialdiaren bederatzigarren aldia. Uztailaren 15era arte egongo da Irun erromatarren garaian murgilduta. Horretarako, programa betea egituratu du udalak: lantegiak, ikuskizunak eta eskaintza gastronomiko zabala izango dituzte Irunen.

Hainbat ikuskizun izango dira zirku erromatarrean: gladiatoreen arteko lehiak eta karro lasterketak, besteak beste. Gainera, berrikuntzak izango dira zirkuan: aurten, gaueko saioak ere prestatu dituzte. San Joan plazan egongo da zirkua. Eskaintza gastronomikoa inoiz baino zabalagoa izango da: Irun Dastatu plataformak hainbat ekintza antolatu ditu. Aipagarrienak hauek dira: pintxoaren ibilbidea, showcooking-a eta Oiasso Museoko gourmet afaria.

Hainbat berrikuntza

Beste behin, Navigium Isidis festa birsortuko dute. Isis jainkoaren omenez egiten den prozesioa da. Aurten, Explore the Past-Know the Future egitasmoaren barruan antolatu dute: festan parte hartuko dute atzerritik etorritako gazteek. Egitasmoa hainbat herrialdetako kultur ondarea ezagutarazteko sortu da.

Horretaz guztiaz gain, birsortze historikoan espezializatutako hainbat artisau ere izango dira jaialdian. Duela 2.000 urteko labe bat eraikiko dute erromatarren garaiko teknikak erabiliz. Erromatar armadak ere erakustaldiak emango ditu.

Azkenik, erromatar azoka antolatuko dute ostiraletik igandera bitartean. 80 artisau postu inguru izango dira bertan.

Jaialdiaren helburua da hiriaren irudia zabaltzea eta turismoa bultzatzea.

Dies Oiassonis

Bihartik igandera arte,

Irunen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.