Datorren asteko estreinaldiak

Munduratzearen 'aztarnak'

Jaio aurretik, erditzean eta ondorengo egunetan gertatzen denari buruz sakontzen du 'Aztarnak' dokumentalak. 2018an hasitako finantzaketa kanpaina baten bidez ekoitzi dute

Aztarnak dokumentaleko fotograma bat. AZTARNAK.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Maru Solares zinemagilearen Aztarnak dokumentalak ikuslea jaio aurretik, erditzean eta ondorengo egunetan pasatu ohi den guztiaren jakitun jartzea du xede. Horretarako, zinemagintzako osagaiak baliatu ditu, bizitzaren lehenengo urratsak pantailan biziberritzeko.

BERRIAk egindako elkarrizketan, zuzendariak azaldu zuen «dokumentalean jorratzen den gaiarekiko zalantza» duela: «Ez dakit gizartea, oro har, bizitzako lehendabiziko etapa horretan gertatzen den guztiaz behar bezala ohartu ote den».

Solaresek, aipatutako zalantza hori ezabatze aldera, haurdunaldiko denborak, erditzeak eta munduratu osteko lehen hilabeteek umearengan duten garrantzia islatu ditu dokumentalean, besteak beste.

Lana sortzeko ideia Donostiako Hazi-hezi haurren garapenean espezializatutako zentroa ezagutu zuenean piztu zitzaion: «Hor hasi nintzen hausnartzen bizitzako lehen uneetan gugan jartzen den arretari eta eskaintzen diguten errespetuari buruz.

Ardura, erruaren ordez

Dokumentalaren jomuga nagusia «galderak egitea» da: «Helburua ez da inor erruz betetzea, denok kontzienteago izan gaitezen saiatzea baizik».

Bide horretan, guraso izatear diren eta izan berri diren bikoteen lekukotzek, ur nahiz geruza askoko paisaien irudiek eta adituei egindako elkarrizketek osatzen dute Aztarnak, langai guztiak off-eko ahotsarekin jantziaz.

Lanaren funtsa den bizitza hasierako garai zaurgarrian, umeari ingurune seguru eta atsegina ematearen alde egiten du dokumentalak; era berean, badira umearen zaintzak gain hartzen dien amen testigantzak, eta edoskitzearen inguruan jarrera ezberdina dutenenak ere bai: «Argi dut umeak ahal beste behar dituela ondoan gurasoak, baina galdera da ea gai ote garen horretarako,zein modutan egin ahal izango dugun hori». Dena dela, «nolabaiteko adostasun bat» dago aipatutako lekukotzetan, «mezu horrek talka egiten duen arren, zenbait emakumeren bizi esperientziekin».

Solares zuzendaria bera ere dokumentalean ageri da, bere ama aldamenean duela; amak aitortzen dio errudun sentitu izan dela ez zuelako jakin nola heldu, bera jaio eta eskuetan jarri ziotenean. Haren amak «aurreko belaunaldi bati» ahotsa ematen dio, eta agerian uzten ditu egungo gurasoen kezkekiko aldeak.

Hamar urteko ibilbidea

Solaresek 2011n egin zuen debuta, Camera obscura-rekin, eta, hura bezala, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu du Aztarnak lan berria.

Duela sei-zazpi urte, bere kasa lehen irudiak hartzeari ekin zion, baina 2018ko finantzaketa kanpainak jarri zion filmari «lehen harria»: «Eusko Jaurlaritza eta EITB ez ziren batu, baina finantzaketa kolektiboak babesa eman zigun; ez zen soilik diruagatik, gaiarekiko interesa ageri zelako baizik».

Txepe Larak ekoitzi du Aztarnak dokumentala, eta, harekin batera, Nere Falaganek, Oier Villarrek, Pello Gutierrezek, Paula Olak eta Aurelio Martinezek osatu dute ekoizpen lantaldea.

'AZTARNAK'
Zuzendaria. Maru Solares.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2021.
Iraupena. 85 minutu.
Generoa. Dokumentala, zinema esperimentala.

Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.