Datorren asteko estreinaldiak

Bidaia bat oroitzapenetara

'Supernova' filmak drama eta 'road movie' estiloak uztartzen ditu, Tusker eta Sam izeneko pertsonaien bidaia kontatzeko. Dementzia eta sexualitatea dira jorratzen dituen gaiak

Tusker eta Sam bikotea dira Supernova filmeko bi protagonistak nagusiak; zoriontasunaren bila, Ingalaterran barrena bidaia bati ekingo diote. BERRIA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Maitasunak maitalearen bizi denbora baino gehiago iraungo duela aurreratzen duen dikotomia erakusten du Supernova filmak. Harry Macqueen zuzendari eta gidoilariak dementziaren gai korapilatsua plazaratu du modu natural eta neutroan. Izan ere, filmean ez da sekula dementzia hitza bere hartan aipatzen; gaixotasunari egiten zaion aipu bakarra «gauza madarikatu hori» da.

Supernova bere liburua bukatzear dagoen Tusker izeneko nobelagile estatubatuar baten eta Sam izeneko piano jole britainiar baten arteko harremanaren kontakizuna da. Tuskerri alzheimerra diagnostikatzen diote, gaixotasunaren aldi goiztiarrean. Orduan, bien bizitzak errotik aldatzen dira, eta azken bidaia bat elkarrekin egitea erabakitzen dute.

Ingalaterra goitik behera zeharkatzen dute, haien RV zaharrean. Bidaiaren zentzua aspaldiko lagunak, senitartekoak eta iraganean ezagututako tokiak bisitatzea da. Baina sekretuak eta bien isilpeko plan pribatuak azaleratzen hasten dira, eta bidaia bereziak bestelako noranzkoa hartzen du; ez datoz bat etorkizuneko asmoen inguruan. Amaieran, Tuskerrek eta Samek elkarrekin kontzertu bat emango dute.

Gaixotasunaren lanketa

Tuskerren gaixotasuna begi bistakoa baina sotila da, film osoan: harira ez datorren hitzen batek edo arropak janzteko zailtasun txiki batek agerian uzten du haren arazoa. Onartzen du «pixka bat nahasita» sentitzen dela, baina pertsona guztiz independentea da, eta, beraz, bere beldurrik handiena kontrola galtzea da. Sam, berriz, itxura sendoa erakutsi nahian ageri da. Film osoan, urruntzen edo ezkutatzen saiatzen da, sentipenek gainezka egiten diotenean.

Filmaren izenburuak ere badu azalpenik: biak astronomiaren zale amorratuak dira. Supernova kontzeptuak pertsona guztien patua den ezerezari egiten dio keinua, baina, batez ere, Tuskerrek nozitu beharko duen hutsuneari. Hutsune horren agerkari dira protagonisten arteko bidaian zutabe diren elkarrizketak. Tuskerrek, esate baterako, zera dio: «Ez da zilegi oraindik bizirik dagoen pertsona batengatik dolua sentitzea».

Badira dementziaren gaia landu izan duten beste film ugari ere: Glenda Jacksonen Elizabeth is Missing, Julie Christieren Away from Her edo Julianne Mooreren Still Alice. Baina Supernova bestelakoa da, ekintzak road movie edo bidaia kronikaren formatuan gertatzen direlako.

Supernova-k gaixotasun baten zama astunari gainjarri behar zaion sexu bereko bikote baten istorioa kontatzen du, baina sexualitatea bigarren mailara darama Harry Mcqueenek. Hain zuzen ere, nazioarteko zinema kritikak bere ikus-entzunezko ekoizpenetako «langaien tratamendu bikainagatik» baloratu du.

Zuzendari, aktore eta gidoilari modura urteetako eskarmentua du: bere ibilbide profesionala 2008an abiatu zuen, aktore gisa. Zuzendari eta ekoizle moduan, orain arte, Hinterland (2014) filma baino ez du egin.

'SUPERNOVA'
Zuzendaria. Harry Macqueen.
Aktoreak. Colin Firth, Stanley Tucci, James Dreyfus, Pippa Haywood, Sarah Woodward.
Herrialdea. Erresuma Batua
Urtea. 2020.
Iraupena. 93 minutu.
Generoa. Drama, road movie.
Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.