Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Kartzelako bizipenen inguruan

Arantza Santesteban zinemagilearen lehen dokumental luzea da '918 gau'. Datorren ostiralean estreinatuko da zinema aretoetan. Aurretik, Italiako eta Lisboako jaialdietan saritu dute film luzea
Arantza Santestebanen <em>918 gau</em> dokumentalaren fotograma bat.
Arantza Santestebanen 918 gau dokumentalaren fotograma bat. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2022ko irailak 24

Kontakizun pertsonal batetik abiatu da Arantza Santesteban bere lehen film luzea egiteko. 918 gau dokumentalak Santestebanek kartzelan igarotako egunei egiten die erreferentzia, bizi izandakoa lehen pertsonan kontatuz, baina «erdiko distantzia» hartuta; BERRIAri martxoan emandako elkarrizketa batean argitu zuen moduan.

2007ko urrian, Santesteban atxilotu egin zuten, eta ia hiru urte igaro zituen espetxealdi prebentiboan. Hainbat oroitzapen gordetzen ditu egileak egun horietatik: espetxeko patioko paseo luzeak, igeriketa saioak... Behin irtendakoan, urte batzuk igaro behar izan ziren hark bi urte eta erdi eta horietan gertatutakoaren inguruko film bat egiteko gogoa izateko.

Kartzelako bizipenak eta artxiboak jasotzen hasi zen zinemagilea, dokumental esperimentaleko tesia osatzeko. Santestebanek kartzela norberaren bizitzan «geldiune handi bat» dela adierazi zuen BERRIAko elkarrizketan, «are gehiago politikoki oso aktiboa den bizitza batetik bazatoz», esan zuen.

Espetxealdian jasotako babes gutunek eman zioten filma egiteko ideia egileari. Argazkiak, testuak eta abar bidaltzen zizkioten, eta, kanpokoek egin zituzten eta hark kartzelan atera zituen irudi batzuetatik abiatuz, 918 gau sortzeko materiala zuela ikusi zuen. Kartzelaren eta kanpoko bizitzaren arteko desberdintasun handien isla dira irudiak: kanpokoarekiko haustura erakusten dute.

Rosa Luxenburgen kartzelako gutunetako esaldi batek ardazten du dokumental esperimentala, nolabait esanda. «Nire bihotza enarena da nire kamaradena baino gehiago», dio esaldiak. «Esaldi hori irakurri nuenean, sentsazio hori izan nuen», esan zuen Santestebanek.

Dokumental saritua

Doclisboa nazioarteko jaialdian estreinatu zen 918 gau, eta nazioarteko film onenaren saria jaso zuen. Ez da Santestebanen lanak lortu duen sari bakarra. Turingo (Italia) zinemaldian, nazioarteko dokumental onenaren saria ere jaso zuen.

Galizian, Pontevedran hain zuzen, iazko abenduan egin zen Novos Cinemas jaialdian, Latexos saria lortu zuen. «Zuzendariak gatazka politiko bat ikuspuntu intimotik kontatzeko duen moduagatik, era arriskatu eta koherente batean egiten du; zorroztasun zinematografikoarekin», argudiatu zuen Latexos saileko epaimahaiak saria ematean. Santestebanek bere gorputza eta beste emakumeenak nola erabili dituen ere goraipatu nahi izan zuten; epaimahaiaren hitzetan, eguneroko zinemaren eta artxiboko materialaren «ikuspegi freskoa» erakutsi du.

Jaialdietan izandako arrakastaren ostean, datorren ostiralean estreinatuko da zinema aretoetan. Maddi Barber izan da proiektuko argazki zuzendaria, eta Euskal Herriko Txintxua Films eta Hiruki Filmak ekoiztetxeen esku geratu dira produkzio lanak.

'918 GAU'
Zuzendaria. Arantza Santesteban.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2021.
Gidoia. Arantza Santesteban.
Argazki zuzendaria. Maddi Barber.
Iraupena. 65 minutu.
Generoa. Dokumental esperimentala.

Irailaren 30ean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Juan Mari Arzak, BCCren ohorezko oroigarria hartuta, eta sukaldariz eta ikaslez inguratuta, atzo. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Arzak patroia, Arzak maisua

Enekoitz Telleria Sarriegi

BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Juan Mari Arzak. Haren ekarpena eskertu dute, eta bere ezagutza partekatzeko izan duen eskuzabaltasuna goratu.

 ©BERRIA

Ohiko albisteetatik ihesi

Iker Tubia

Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek.

Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, Ikusgelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria

Amaia Jimenez Larrea

Euskal Wikilarien Elkarteak filosofiako, ekonomiako eta euskal literaturako bideoak egingo ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.