Proposamenak

Harresietatik kanpora

Zirku ikuskizuna eta harizko kontzertua izanen dira gaur Iruñeko Ziudadelan. Aireko dantza saioak itxiko du bihar Harresietako Jaialdia

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Iruñeko harresiak ez dira gotorleku aspaldian. Bisitatzeko eta haien inguruan ibilaldiak egiteko gune dira gaur egun. Berdin Ziudadela: militarren eraikinak arte erakusleku dira gaur egun. Abuztuan kultur eskaintzak hartzen ditu inguru horiek, Harresietako Jaialdia dela eta. Horren azken egunak izanen dira gaurkoa eta biharkoa, baina oraindik bada zer entzun, zer ikusi eta zer sentitu.

Zirku ikuskizuna izanen da gaur arratsean Ziudadelan, 20:00etan. Kolektiv Lapso Cirk taldeak Ovvio ikuskizuna emanen du kulturaren gotorlekuan. «Arrisku beharra» duten bi lagun arduratuko dira «erorikoaren aurreko perfekzio unea» aurkitzeaz. Horren ondotik, ordubete geroago, musika izanen da, Armen Aretoaren ondoan: Alos Quartet harizko laukotea eta Amaia Elizaran dantzari garaikidea ariko dira elkarrekin. Harizko taldeak disko berriaren aurrestreinaldia eginen du Iruñean.

Azken emanaldia

Bihar amaituko da Harresietako Jaialdia, eta Bivouac taldea arduratuko da jaialdiaren bukaerako ekitaldiaz. Harresietako paretan ariko dira airezko dantzak egiten. Perceptions da ikuskizunaren izena, eta iruditeria kuantikoan bidaiatzeko aukera eskainiko dutela aurreratu dute: «Ekuazioak 360 graduko grabitazio egitura batean mugitzen dira, ikuskizunerako diseinatutako tramankulu batean: L'Oculaire». Soken teoria, zeruko gorputzen errotazioa, zintzilik dauden partikulak, bizia materializatzeko saiakera, ezezaguna eta ikusezina, horiek guziak gogora ekartzen dituen saioa da Perceptions.

Harresietako jaialdia



Gaur eta bihar, 20:00etan eta 22:00etan, hurrenez hurren, Iruñeko Ziudadelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.