Datorren asteko estreinaldiak

Kanpai hotsa mendeku goseari

Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian Imanol Rayoren 'Hil kanpaiak' filma. Thriller beltza da, eta Itziar Ituño, Eneko Sagardoi eta Yon Gonzalez dira antzezleetako hiru

Nafarroako eta Gipuzkoako parajeetan grabatu dute filma. Irudian, Itziar Ituño, Karmenen pertsonaia interpretatzen. HIL KANPAIAK.
Nagore Arin.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Laster helduko da kanpai hotsa Hego Euskal Herriko zinemetara: azaroaren 20an estreinatuko da Hilkanpaiak filma, ostiralean. Thriller beltz bat da, eta familia baten nondik norakoak jasotzen ditu mamian: gorroto zantzuak, belaunaldien arteko gatazka korapilatsuak, ezkutuan gordetako gorpuak, zigorrik izan ez duten delituak, mendekuaren gordintasuna...

Gerizmendi deituriko baserri bat da guztiaren epizentro; izan ere, giza hezur batzuen arrastoak agertuko dira egun batean. Nola jokatu jakin ez, eta Fermin eta Karmen senar-emazteek Nestor semeari deitzea erabakiko dute; eta Nestorrek, Ertzaintzari. Baina Ertzaintza heltzerako, desagertu egingo dira hezurren arrastoak. Hala, kontakizun misteriotsu bat izan beharko zukeena tragedia bilakatuko da.

Miren Gorrotxategiren 33 ezkil liburuan oinarrituta dago Imanol Rayo zinemagilearen lana. Haren bigarren lan luzea da, eta, zenbait urte geldirik egon ostean, thriller beltz bat estreinatzera itzuli da. Rayoren hitzetan, film zuzena da Hil kanpaiak: ia apaindurarik ez duena, eta, era berean, osagarri bisual eta eszenaratze argigarriak dituena.

Eskarmentuzko antzezleak

Rayok zinemaren jatorrietara bueltatu nahi izan du bigarren filmean: irudien bitartez kontatzearen garrantziari helduz eta soinua osagarri gisa landuz. Eta, hain justu ere, ezaugarri hori izan daiteke, Rayoren hitzetan, filmaren bereizgarririk handiena. Modu horretan ikus-entzuleari aukera uzten baitzaio analisirako: aurrez aurre ikusi ezin dituen gai ugari imajinatu eta irudimenari heltzeko. BERRIAn plazaratutako elkarrizketa batean ere ezaugarri hori aipatu zuen: «Ikusleak osatu behar du filma».

Ibilbide horretan, oinarrizko elementuak dira pertsonaiak, eta, pertsonaiekin batera, antzezleak: Itziar Ituño, Eneko Sagardoi, Yon Gonzalez, Asier Hernandez, Iñigo Aranbazu, Dorleta Urretabizkaia, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga... Zabala eta aberatsa da antzezle zerrenda. Eta aberatsa, hein berean, haien lana. Filmaren beste zutabe garrantzitsuenetako bat dira pertsonaia guztiak; izan ere, pantailan erakusten dutena baino gehiago ezkutatzen dute. Eta, horrela, balio erantsi bat eskaintzen diote pertsonaien interpretazioari.

Ekoizpena hurrengo ostiralean estreinatuko bada ere, aurretiaz ere ikusgai egon da Donostiako Zinemaldian, Zuzendari Berriak sailean. Ez da Rayo jaialdian izan den lehenengo aldia: 2011n ere izan zen bere lehen lana aurkezten: Bi anai film luzea. Hori ere liburu bat abiapuntu hartuta egin zuen, Bernardo Atxagaren izen bereko liburuan oinarrituta, hain zuzen. Gidoiaz ere Rayo bera arduratu zen, eta Zinemira saria irabazi zuen. Hori baino lehenago, bi film labur sortu eta zuzendu zituen: La Mosquita Muerta, 2007an, eta Leihotik, 2006an.

'HIL KANPAIAK'
Zuzendaria. Imanol Rayo.
Aktoreak. Itziar Ituño, EnekoSagardoi, Yon Gonzalez, Asier Hernandez, Iñigo Aranburu,Dorleta Urretabizkaia, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga,Patricia Lopez Arnaiz, Andres Gertrudix, Itsaso Arana.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2020.
Iraupena. 95 minutu.
Generoa. Thrillerra.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.