Datorren astekoestreinaldiak

Eskuizkribu boteretsuaren bila

Lupin deituriko lapurra protagonistatzat daukan animaziozko film bat egin du Takashi Yamazaki zinemagileak. 'Lupin III: The First' izena du, eta ostiralean estreinatuko dute Hegoaldean

Lupin lapurraren pertsonaia Monkey Punch marrazkilariak sortu zuen, 1905. urtean. Geroztik, izugarrizko itzala izan du hainbat generotan. LUPIN III: THE FIRST.
Nagore Arin.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerra, Frantzia. Testuinguru horretan hasten da Lupin III: The First filma. Naziak Bresson irakaslearen liburu bat deszifratzeko gako bat bilatu nahian dabiltza. Eta joko zelai horretan agertzen da Lupin, lapur entzutetsu bat. Asmo zintzoak ditu: Bressonen eskuizkribu hori lapurtu nahi du, ez baitu nazien besoetan erortzerik nahi. Baina ez da helburu hori duen bakarra izango: lehiakide ugari jarriko zaizkio parean. Fujiko deituriko pertsonaia ere liburu misteriotsu horren bila dabil, beste askoren antzera.

Lupinen pertsonaia Monkey Punch marrazkilariak sortu zuen, 1905. urtean. Gerora, izugarrizko itzala izan du hainbat generotan: manga telesailetan, animeetan,antzerkietan, zinemagintzaren industrian... Gaurdaino, bederatzi film ingururen protagonista izan da. Egokitzapen guztietan, beti dago lapurtu behar duen zerbait: izan egunkari bat, izan liburu bat, edo izan objektu bat. Eta objektu horrekin batera, badira Lupinen alboan moldaketa guztietan ageri diren beste lau pertsonaia ere: haren laguntzaile Daisuke Jigen eta Goemon Ishikawa, bikote ohi eta etsai nagusi Fujiko Mine, eta Interpool agentziako inspektore Zenigata. Egokitzapen honetan, Letizia deituriko pertsonaia bat ere izango da. Kasu honetan, Lupinen lagun bihurtuko da.

3Dan eginiko egokitzapena

3Dan egindako lehen moldaketa da Lupin III: The First. Askotariko jendearentzat pentsatuz egin du zuzendariak; ez bakarrik lapur ezagunaren jarraitzaileentzat. Paperean zein pantailan egin dituzten beste bertsioetan agertu diren une ugari biltzen ditu, eta, beraz, ikus-entzuleak erraz identifikatuko ditu bertsio honetan ere. Halaber, ohartuko dira 3Dak ez duela pertsonaiaren nortasuna desitxuratu: Lupin bera dela, bere mugimendu eta berezko keinu guztiekin.

Yamazaki zinemagileak egin du filma. Ezaguna da industrian:errealizadore eta gidoilari lanetan aritu da, eta lan ugari egin ditu. Telesail animatuak sortzen egin zituen lehen pausoak, eta, besteak beste, Doraemonen 3Dko lehen egokitzapena egin zuen.Lupin III: The First ekoizpenaren kasuan, 1960ko hamarkadan kokatu du filma, garai hartako Belgikako komikiak eta paleta koloretsuak hartu ditu inspirazio iturri, eta keinu nostalgiko ugari erantsi dizkio gertakizunari. Zinemazale askoren hitzetan, Indiana Jones sagaren erreferentziak ditu.

Eta hainbesteko itzala izan du Lupinen pertsonaiak, non Netflixen gisako plataforma handiek ere erabili duten. Hain justu, duela gutxi ekoitzi dute Lupin telesaila. Frantzian egindako thrillerra da, François Uzan eta George Kayeta zuzendariak izan ditu gidari, eta Omar Sy antzezleak interpretatu du pertsonaia nagusia. Izugarrizko harrera ona izan du, eta Netflixen titulu ikusienen artean dago ekoizpena jada.

'LUPIN III: THE FIRST'
Zuzendaria. Takashi Yamazaki.
Aktoreak. Animaziozko ekoizpen bat da.
Herrialdea. Japonia.
Urtea. 2019.
Iraupena. 92 minutu.
Generoa. Abentura eta intriga uztartzen ditu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.