Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Amodio istorio integral bat

Paul Thomas Andersonek bi gazteren arteko maitasun harreman baten iratzartzea eta garai eta denbora batekiko txera erretratatu ditu 'Licorice Pizza' filmean, bere haurtzaroa gogoan
Alana Haim eta Cooper Hoffman dira <em>Licore Pizza</em> filmeko aktore protagonistak.
Alana Haim eta Cooper Hoffman dira Licore Pizza filmeko aktore protagonistak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2022ko otsailak 5

Maitasun istorio bat da Licorice Pizza, Paul Thomas Andersonen film berria. Maitasun istorio bat, zentzurik klasikoenean, baina, era berean, esparru zabalago bat hartzen duena, eta berezitasun propioak dituena, zinemagile estatubatuarraren ikuskera eta lengoaiak damakiotena. Bi pertsonaren arteko amodio istorio bat baita ardatza, baina garai eta leku batekiko maitasuna baitago ondoan eta hondoan.

Hamabost urte inguruko mutila da Gary, eta hark baino hamar urte gehiago ditu Alanak; bien arteko harremanak gorpuztuko du hari narratiboa, konstanteki abaroan izanik leku bat, San Fernando bailara (Kalifornia, AEB), eta garai bat, 1973a. Bere bigarren filma ere, Boogie Nights (1997), bailara horretatik gertu kokatu zuen Andersonek, 1970eko hamarkadaren amaieran.

Zinemagile estatubatuarrak, besteak beste dagoeneko ikoniko diren Magnolia (1999), There Will Be Blood (2007) eta The Master (2012) piezak ondu zituenak, beti erakutsi izan du halako jaidura leun bat eta begirada maitekor bat lehen maitasunekiko, sexu iratzartzearekiko, loretan diren harremanekiko, adiskide zein bikoteekikoa; azaltzen ziren horiek guztiak haren aurreko zenbait lanetan ere, baina lehen lerrora ekarri ditu Licorice Pizza-n, inolako konplexurik gabe, inolako espanturik gabe. Argumentua ere konplexutasun handirik gabe azal liteke hitz gutxitan: nerabezaro betean dagoen mutilak hogeitaka dituen neska bat ezagutzen du, eta zeharo maitemintzen da harekin. Filmaren lehen sekuentzian gertatuko da bien arteko enkontrua, eta, filmak irauten duen bi orduetan, bi protagonistak ezagutu, urrundu, nork bere istorioak izan, eta denetik gertatuko zaie, baina hasi eta buka ez da itzaliko bien arteko maitasuna.

Maitasun istorio erromantiko bat izanagatik, Andersonek ohiko drama zein komedia erromantikoen klixeetatik urrundutako kontamoldea erabili du; umorea darabil, samurtasuna, estetika landua eta kontatzeko modu propioa; akaso bere filmik goxoena egin du, ez horregatik sentsiblekerian jausten dena. Baina agerikoa da txera handiz tratatzen duela garaia, lekua eta istorioa, neurri handi batean bere istorio propioa baita.

Aktore amateurrak

Tartean hainbat bideolan musikal egin ditu Paul Thomas Andersonek, eta orain arteko bere azken filmean, Phanthon Thread-en (2017), Daniel Day Lewis ibilbide luzeko aktore artatsua izan zuen protagonista lanerako; Licorice Pizza-n, aldiz, aurrez sekula kamera aurrean aritu gabeko bi gazterengan jarri du konfiantza. Ez hori bakarrik, aldez edo moldez gertukoak zaizkion hainbat lagun hautatu ditu, beretzat hurbilekoa den eta txera berezia merezi duen istorioa kontatzeko. Mutikoaren rola Cooper Hoffmanek egin du; Philip Seymour Hoffman aktore handi zenaren semea da, eta ez alferrik Andersonen lagun mina zen hura. Bestetik, neskaren rola Alana Haimek antzeztu du. Haim musika taldeko kidea da Alana, eta Andersonek talde horren bideoklip bat baino gehiago zuzendu du. Ez hori bakarrik: Alanaren ama zinemagilearen irakaslea izan zen.

'LICORICE PIZZA'

Zuzendaria: Paul Thomas Anderson. Aktoreak: Alana Haim, Cooper Hoffman, Sean Penn, Tom Waits, Bradley Cooper, Ben Safdie. Herrialdea: AEB. Urtea: 2021. Iraupena. 133 min. Generoa. Drama.Estreinaldia. Otsailaren 11n estreinatuko da Hegoaldean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.