Musikarientzako plaza

Musikagela Fest jaialdiak musika estilo desberdinak entzuteko aukera eskainiko die Donostiara joaten direnei, etzi. Doakoa izango da

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Pop-rock, punk-rock, soul edo rythm and blues musika estiloak entzuteko aukera izango da Donostiako Musikagela Festen, etzi. Memoriaren Lorategian egun osoan egingo da jaialdia, eta helburua Musikagelan aritzen eta aritu diren musika proiektuei plaza ematea da. Musikagela Donostia Kulturak kudeatzen duen udal zerbitzu bat da, entsegu lokalak jarriz edo kontzertu zikloak eginez. Horregatik, horietan parte hartu duten zenbait artista entzun ahalko dira.

Physis vs Pelax bikotearen kontzertuarekin hasiko da jaialdia. Los Premodernos rock-and-roll taldeak ere joko du; The Rock Sifredi Band taldearen hondarretatik sortutako taldea da. Tenpera rock alternatiboko talde donostiarra ere bertan izango da: punk-rock, grunge, noise-punk eta abar lantzen dituzte. Txarkey rock hirukote donostiarrak, emango duen kontzertuan bere azken singlea aurkeztuko du: Hegoak. Frank laukote donostiarra Atlas bigarren iraupen luzeko albuma aurkezten ari da, eta folk ukitu eta isuri iluneko rock amerikarra eskainiko du jaialdian.

Bestalde, musika panoraman ezagunak diren hiru talde gonbidatu dituzte, egitaraua osatzeko. Batetik, Anaut soul eta rhythm and blues espainiarraren erreferentea bertan izango da. Bestetik, Dani Nel-lo musikari katalanak Los Saxofonistas Salvajes taldearekin emango du kontzertua. Javier Sun donostiarrak ere emanaldia egingo du jaialdian, eta Sun Soul diskoa aurkeztu, bakarlari gisa.

Gainera, Beat Box tailerra, musika tresnak jotzeko eta arte plastikoetan trebatzeko guneak, disko eta kartel postuak, eta beste hainbat ekintza ere izango dira.

Musikagela Fest jaialdia

Etzi, 11:00etatik 21:30era, Donostiako Memoriaren Lorategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.