Datorren asteko estreinaldiak

Solo, Jones eta Deckard izan den aktorea pantailetara itzuli da

Aspaldiko partez, rol protagonista bat egin du Harrison Fordek, 'The Call of the Wild' abenturazko filmean. Jack Londonen eleberri ezagunaren bertsioa egin dute

Harrison Ford aktorea, atzo, The Call of the Wild filmaren estreinaldi egunean. ETIENNE LAURENT / EFE.
Gontzal Agote.
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ez da ez munduko aktorerik adierazkorrena, eta haren erregistroak mugatu samarrak dira. Hala ere, Harrison Ford azken hamarkadotako artistarik ospetsuenetakoa da. Gehienbat, bere ibilbide zinematografiko luzean inork ez duen marka lortu duelako aktore estatubatuarrak: hura da Han Solo, Indiana Jones eta Dick Deckard.

Aspaldiko partez, orain The Call of the Wild abenturazko filmean ikusten ahal dugu Ford. Jack Londonen eleberri ezagunaren bertsio berria da —besteak beste, Clark Gablek jokatu zuen rol bera 1935ean—, Buck txakurraren gorabeheren gaineko istorioa.

Indiana Jonesen bosgarren atala estreinatzeko zain —hurrengo urterako dago iragarria—, film honekin rol protagonistara itzuli da Harrison Ford. Azken urteotan pantaila handitik urrun samar ibili da, errentei etekina atereaz. J.J. Abramsen eskutik Star Wars sail amaigabean agerraldi labur pare bat eta duela bi urteko Blade Runner 2049 filmean berriro Deckarden azalean sartzea; deus gutxi gehiago, 2015etik.

Ohi den moduan, telebistan trebatu zen Ford gaztea. Bitartean, zinemarako rol txikiak egiten hasi zen. Bere patua laster aldatu zen, ordea, 70eko hamarkadaren hasieran lagun batek George Lucas izeneko gazte bat aurkeztu baitzion.

Lucas, Coppola, Spielberg...

Lucasen eskutik, Bob Falfaren rola jokatu zuen American Graffiti filmean. Orobat, haren bitartez beste zuzendarigai bat ezagutzeko parada izan zuen, Francis Ford Coppola. Hark ere lana eskaini zion: The Conversation-en hasieran, Apocalypse Now-en geroago.

Nolanahi ere, bizitza aldarazi zion aukera eskaini zion Lucasek: Star Wars-en Han Solo izatea proposatu zion. 1977an estreinatu zen filma, eta, hortik aurrera, Forden irribarre bihurria mundu osoan egin zen ezagun. Hasierako kolpean, sailak beste bi film izan zituen, eta horiekin are ospetsuago bihurtu zen Ford-Solo.

Kontua ez zen horretan gelditu, Lucasek Steven Spielberg izeneko lagun bat baitzuen. Harekin abentura klasikoetan oinarritutako film bat egin nahi zuen. Elkarlan horretatik Raiders of the Lost Ark sortu zen, eta Ford izan zen Indiana Jonesen rola jokatu zuena. Film horrek ere alimaleko arrakasta eskuratu zuen; hortik aurrera, bereizezinak dira aktorea eta pertsonaia.

Urtebete geroago, Fordi hirugarren urrezko aukera ailegatu zitzaion: Ridley Scottek Rick Deckarden rola jokatzeko deitu zion. Filmaren izena Blade Runner zen eta estreinatu zenean porrot komertziala izan arren, urteen poderioz kultu filma bihurtuko zen.

Hiru rol horiek aski eta sobera dira edozein aktorek erretiroa patxada ederrean har dezan. Dena den, gorabeheraz beteriko ibilbide batean, ondorengo urteotan beste hainbat lan gogoangarri egin ditu Fordek: Witness, Frantic, Working Girl,Presumed Innocent, The Fugitive...

'THE CALL OF THE WILD'
Zuzendaria. Chris Sanders.
Aktoreak. Harrison Ford, Dan Stevens, Bradley Whitford, Karen Gillan, Omar Sy.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 115 minutu.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.