Datorren asteko estreinaldiak

Umorez blaitutako ziztada

Zinema aretoetara iritsi da 'Erlauntza' ekoizpena, bi urtez antzokiz antzoki ibili ondoren. Sei emakume ditu protagonistatzat, eta ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian

Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo eta Sara Cozar, filmaren grabazioan, Bizkaian. ERLAUNTZA.
Nagore Arin.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Zizt. Erle bat. Zizt. Beste bat. Eta horrela, beste lau ziztada. Denera, sei. Hain justu ere, sei baitira Erlauntza filmean agertzen diren emakumeak, txikitako lagun talde berekoak seiak. Azaroaren 6an ikusi ahal izango da estreinakoz Hego Euskal Herrian, datorren ostiralean. Kepa Errasti antzezleak idatzi zuen, eta izen berbera duen antzezlanean oinarrituta dago. Filmaren kasuan, Errastirekin batera izan da gidoilari lanetan Mireia Gabilondo zinemagilea, eta Gabilondo bera izan da filmaren gidari eta zuzendari.

Landetxe bat da filmaren agertoki zentrala, lagunetako baten ezkondu aurretiko festa ospatzera joan baitira bertara. Txikitako lagun talde hartatik, baina, urte asko pasatu dira, eta urteekin batera, harreman sareak ere bai: elkarren artean lotura handia baldin badute ere, ezer ez da garai horietan bezala. Horrela, hasiera batean asteburu zoro eta zoragarri bat izan behar zuena, asteburu ez hain zoragarri bat bihurtuko da ezustean. Inoiz elkarri esan ez dizkioten kontuak eta aitorpen ezkutuak, berriz ere elkartuta irekitako zauriak, eta tirabira mamitsuak, droga, erlauntz bat...

Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Ruiz antzezleek interpretatu dituzte pertsonaia nagusiak. Jatorrizko antzerkian agertzen den talde berbera da. Guztiak egon ziren elkarrekin filmaren grabazioa amaitu bitarteko 14 egunetan, eta koronabirusaren krisiaren eraginpean ekoitzi dute filma. Bizkaian grabatu dute, Gamiz-Fikako landetxe batean: uztailaren 15ean hasi ziren grabatzen, eta uztailaren 31n amaitu zuten.

Bi hizkuntzatan grabatu dute filma: euskaraz eta gazteleraz. Ez da bikoizketa lan bat izan: aldi berean grabatu dituzte bi bertsioak. Pasarte bat euskaraz grabatu eta gero gazteleraz grabatzen zuten pasarte bera, hurrengo sekuentziarekin hasi baino lehenago. Horrela egin dute grabazio prozesu guztian. Hala, bi bertsio izatea lortu dute, euskarazko filma gaztelerara bikoiztu beharrik izan gabe.

Ez da izango pandemia bete-betean grabatu eta ekoitzi den film bakarra, eta testuinguru hori ezohikoa izanda, ezohikoa izan da grabaketa prozesua ere. Ohi baino jende gutxiagorekin grabatu dute, ezinbestekoak zirenekin bakarrik. Grabaketa amaitu bitartean landetxean egon dira guztiak, eta osasun neurri guztiak aintzat hartuta egin dute lan.

Mireia Gabilondo zuzendari lanetan izan den bigarren film luzea da Erlauntza, bakarka zuzentzen duen bigarrena, hain zuzen ere. 2013. urtean zuzendu zuen lehena: Karmele Jaio idazlearen Amaren eskuak liburuan oinarrituta egin zuen, eta izen bera jarri zion filmari ere. Lan hori plazaratu baino lehenago, Kutsidazu bidea, Ixabel filma zuzendu zuen Fernando Bernuesekin batera, 2006. urtean.

ERLAUNTZA
Zuzendaria. Mireia Gabilondo.
Aktoreak. Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Uriz.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2020.
Iraupena. 92 minutu.
Generoa. Komedia.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.