ATZEKOZ AURRERA

Herria iruditan, irudiak herrian

Sismikazot artista bikoteak bortz horma irudi tindatu ditu Irisarriko karriketan. Ospitaleak eta Spacejunk elkarteak bisita gidatua antolatu dute. Herritarren parte hartzea handia izan da.

Herriarekin lotura tinkoak bilatzen ditu Sismikazot artista bikoteak. SAPCEJUNK.
Ainize Madariaga
Irisarri
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Talka izan beharko lukeenaren kontrakoa sortzen du Sismikazot street art artista bikote frantsesak. Egia da Irisarriko Ospitalearen (Nafarroa Beherea) botere arkitektonikoak gaina hartzen ahal ziela bertze eraikin guziei. Baina ez: behin haren edertasun magistrala miretsirik, Spacejunk elkarteko Louise Martinek eta Ospitaleko arduradun Anna Ruizek bisitari taldea herriko harri kantoietan barrena eraman dute. Senti da usaiaz kanpoko mugimendua, EHZ festibala muntatzen hasia baita gazte andana bat. Ospitalearen murru gotorrekin talka handia egiten dute oihalezko karpek, baina bata bertzearen konplize ere badira. Sismikazot artisten obrekin bat dator giro hori: «Obra elkarrizketa bat da paisaiarekin; artistek beti nahi dute integratua izan dadin paisaian. Ez dute nahi herritik deskonektatua izan dadin», zehaztu du Ruizek.

Paul Soquet eta Remi Tournier osaturiko Sismikazot bikotea hamar egunez egon zen Irisarrin, joan den martxoan, eta bortz horma irudi tindatu zituzten Irisarriko karriketan, Ospitalea ondare heziketa zentroak eta Spacejunk elkarteak gomitaturik.

Lehenbizikoa frantses eskola publikoan egin zuten. Hobeki erranik, eginarazi zuten: «Haurren lana da, osoki. Hori dute beti bilatzen artistek, biztanleekin trukatzea. Abstraktua egin dute, nehor ez zedin traba erranez, 'ez dakit marrazten'», dio Martinek.

Ruizek gomendatu du inguruari soño labur baten egitea, lausoan, ohartzeko artistek hautatu koloreek arrunt bat egiten dutela paisaiarekin.

Handik ehun bat metrotara, kiroldegiak murru tentagarriak eskaini dizkie: lekua ontsa baliatu dute. Lehenaren haritik, abstrakzioari eman diote bide, kolore berak atxikiz. Erditsutan, argi iturri gisako bat susma daiteke. Pean, Herria nire zainetan isurtzen da erranaldia idatzia dute: «Gimnasioa, kirola, guduka. Badu zentzua esaldiak. Ez zuten euskaraz baizik idatzi nahi; ez zen bertze gisaz izaten ahal», azpimarratu du Martinek. Alta, esaldiari gezi ttipi bat dario, peko aldean: kiroldegiaren saihetseko paretan bertze horma irudi bat baita.

Aldi honetan, idatzia baizik ez da: Herria nire zainetan isurtzen da, bere kultura, bere mintzaira, indar hori bizitzeko nahia. Martinek eman du azalpena: «Tipografia lan hutsa da hau, idazketa estiloa beraiek asmatutakoa da. Akatsak eta tinta isurketak nahitara kausitu dituzte, tronpatzeko eskubidea aldarrikatzeko; gazteei zuzendua da».

Horma irudi horrek jatorria historiako zainetan badu ere, sortze prozesuak badu istorioa: jendarmeak jin baitzitzaizkien galdezka eskubiderik ote zutenez egiten ari zirena egiteko.

«Bai, egia da lehen aldian pentsatzen duzula: zer da hori? Ez duzu leitzen plantan», erran du Makeatik (Lapurdi) jin den bisitariak. Maite ditu azalpenak; horregatik etorri da, eta horregatik joan zen bere garaian Londresko Tate museora, street art delakoa zer den konprenitzeko.

Irisartarren erranaldiak

Horma irudi bakoitzean idatzi dituzten erranaldiak irisartarrenak dira. Sinbiosian lan egiten baitute artistek, galdetegi bat igorri zioten herritar bakoitzari lanean hasi aitzin, eta errezibitu arrapostuetatik arrantzatu hitzak izkiriatu dituzte gero.

Trinketearen eta ostatuaren arteko obra figuratiboa da; kafea, koilara, egunkaria, pala eta pilotak dira ageri. «Intimoa da partidaren ondoko kafe garaia, eta, aldi berean, denena, horregatik hautatu dute txoko gorde hau», argitu du Ruizek. Orainak eta iraganak talka egiten dute, eta sepia koloreak denboraren zubi lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.