Zinema. Datorren asteko estreinaldiak

'Toy Story'-ko kutunetako bat

Angus MacLanek zuzendu du 'Lightyear' animaziozko filma. Jostailuaren jatorria eta astronauta heroiaren abenturak kontatzen ditu. Katalanera bikoiztu dute; euskarara, ez

Buzz Lightyear pertsonaiak bere pelikula propioa du, azkenean. Egun gutxi barru iritsiko da aretoetara. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Infinituraino... eta harago!». Hala esan ohi zuen Buzz Lightyear pertsonaiak Toy Story filmetan. Lehen pelikulan jostailu bat zen, Andy mutikoari urtebetetzeko opari eman ziotena. Eta bizitza hartu zuen astronautak, makina bat abentura bizitzeko handik aurrera. Animaziozko generoan lau pelikula arrakastatsu eta esanguratsu dira Toy Story-koak, eta, orain, Buzz Lightyearrek bere pelikula propioa ere badu. Datorren astean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko aretoetan, eta hilaren 22an Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Lightyear-ek jostailua inspiratu zuen pertsonaiaren jatorria kontatzen du. Lurretik 4,2 milioi urtera dagoen planeta batean, harrapatuta gelditu dira Buzz Lightyear, haren komandantea eta espaziontziko tripulazio guztia. Denak onik eraman nahiko ditu etxera Lightyearrek, baina gauzak ez dira izango uste bezain errazak. Itzulerako operazioan, astronautak Sox katua eta lagun gazte batzuk izango ditu alboan. Baina laguntzaileekin batera, han inguruan badira etsai gaiztoak: Zurg zitala eta haren roboten armada ez dira nolanahikoak. Plan bat du Zurgek, plan maltzur bat. Eta Lightyear kinka larrian izango da, etxetik oso urrun.

Angus MacLane zinemagilearen premisa hauxe izan da: Toy Story-ko mutiko protagonistak, Andyk, nolako pelikula ikusi nahiko luke Buzz Lightyear jostailua izateko desiatzeko adina? Galdera hori eraman zuen zinemagileak proiektua aurkeztean, eta Pixar estudioarekin aurrera eraman du erantzuna.

Buzz Aldrin zen benetakoa

Toy Story sailaren sortzaileek benetako astronauta baten izena erabili zuten pertsonaia sortu zutenean: Buzz Aldrin. Hura izan zen Ilargira iritsi zen bigarren gizakia, Neil Armstrongen ostean. Apolo 11 historikoko astronautetako bat, alegia. NASAn eman zuen diskurtso batean, Buzz Lightyearren eskumutur batekin azaldu zen, eta aitortu zuen marrazki bizidunen sortzaileek bere izena erabili zutela.

John Lasseter izan zen Toy Story-ko pertsonaia nagusien sortzailea. Baita Buzz Lightyearrena ere. Pixar estudioaren ibilbidean garrantzi handia izan du sailak, eta espero da zinta berriak ere familia ugari eramatea zinema aretoetara. Kontuan hartu behar da Pixarren Red filma ez zela aretoetara iritsi, eta zuzenean Disney Plus streaming plataforman estreinatu zutela. Kritika asko eragin zituen erabaki horrek.

Bestalde, Lightyear filmeko abenturak Herrialde Katalanetako neska-mutikoek katalanez ikusi ahalko dituzte zineman; ondotik, Disney Plus plataforman ere bai. Izan ere, 42 film daude zerbitzu horretan katalanezko audioarekin.

Euskal Herrian, gaztelaniaz edo frantsesez ikusi beharko dute haurrek Lightyear. Eta hala gertatuko da gero ere Interneteko ordainpeko plataforman; izan ere, Disney Plusen ez dago zinta bakar bat ere euskaraz ikusteko moduan. Euskarak galdu egin du azkeneko urteetan Disneyren ekoizpenen trena, eta horrek badu eragina hizkuntzaren normalizazioan. Euskara ez da beti iristen infinituraino eta harago.

'LIGHTYEAR'
Zuzendaria. Angus MacLane.
Animaziozko filma.
Generoa. Fantasia, adin guztietarako.
Herrialdea. AEB.
Iraupena. 100 minutu.
Herrialdea. Datorren ostiralean Hegoaldean estreinatuko dute; hilaren 22an, Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.