Datorren asteko estreinaldiak

Atxagaren unibertso berezia, iruditan

'Soinujolearen semea' liburuaren egokitzapen zinematografikoa egin du Fernando Bernuesek

Bernuesek ongi ezagutzen du eleberria, aurretik antzerkirako bertsioa zuzendu baitzuen. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
1988. urtean eman zuen argitara Bernardo Atxagak orain artean bere libururik ospetsuena dena, Obabakoak. Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere harrera ezin hobea izan zuten Obabako alegiazko lurraldeko biztanleen gorabeherek. Gaur egun, hamaika hizkuntzatara dago itzulia narrazioa eta eleberria nahasten dituen liburua: poloniera, gaztelania, albaniera, katalana, koreera...

2005ean, berriz, Montxo Armendarizek liburua pantaila handira eraman zuen. Berez, moldatzeko lan ia ezinezkoa da Atxagak idatzi zuena; hortaz, zuzendari nafarrak egokitzapenerako, liburuaren hainbat istorio aukeratu zituen.

Protagonista nagusietako bat zinemagilearen aktore kutuna izan zen: Juan Diego Botto. Aurrez, biek Historias del Kronen eta Silencio Roto filmetan egin zuten lan elkarrekin. Diego Bottorekin batera, Barbara Lenniek, Pilar Lopez de Ayalak eta Eduard Fernandezek jokatu zituzten beste rol nagusiak. Fotografia zuzendaria, berriz, Javier Agirresarobe izan zen.

Armendarizen filmak kritika onak izan zituen arren, ez zuen bere aurreko beste proiektuen arrakasta komertziala lortu. Hala ere, Goya sarietarako hamar izendapen lortu zituen, eta bakar bat eskuratu, soinurik onenarena.

Berriki, orain dela bi urte, Calixto Beitiok liburuaren antzerkirako bertsioa zuzendu zuen, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan.

Telebista, antzerkia, zinema

Armendarizen filma estreinatu eta gutxira, asteasuarraren beste lan baten egokitzapena ailegatu zen, Aizpea Goenagak zuzendutako Zeru horiek. Berez, telebistarako pelikula zen Goenagak egin zuena, baina 2006an hainbat zinema aretotan ere estreinatu zen.

ETAkide ohi baten etxerako itzulera kontatzen du istorioak espetxetik atera ondoren, eta Nagore Aranburuk egin zuen pertsonaia horrena. Harekin batera, besteak beste, Joseba Apaolaza, Aitor Merino eta Loli Astoreka aktoreek egin zuten lan film horretan.

2011n, berriz, Atxagaren beste klasiko baten txanda izan zen, Bi anai. 1985ean argitaratu zen liburua lehen aldiz, eta berehala euskal literaturaren klasiko garaikide bihurtu.

Imanol Rayo izan zen eleberri laburraren egokitzapen zinematografikoaren zuzendaria, eta Lesaka, Zubieta, Ituren, Artikutza eta Zudairin (Nafarroa) egin zuten filmaketa. Bingen Elortza, Aitor Koteron, Kandido Uranga eta Amaia Lizarralde izan ziren rol nagusietan.

Armendarizekin gertatu moduan, Rayoren filmak ere kritika onak izan zituen, baina are oharkabeagoan pasatu zen.

Orain, Fernando Bernues da Atxagaren unibertsoan murgildu dena, Soinujolearen semea eleberriaren egokitzapena egiteko. 2003an argitaratu zuten eleberria oso ongi ezagutzen du Bernuesek, orain dela zazpi urte antzerkirako bertsioa zuzendu baitzuen.

Orduan bezala, Patxo Telleriarena da gidoia, eta, aktore nagusien artean, Eneko sagardoi, Joseba Apaolaza, Xabier Perurena eta Miren Arrieta daude.

'SOINUJOLEAREN SEMEA'

Zuzendaria. Fernando Bernues.

Aktoreak. Eneko Sagardoi, Frida Palsson, Xabier Perurena, Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Cristian Merchan.

Herrialdea. Euskal Herria.

Urtea. 2019.

Iraupena. 95 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.