Datorren asteko estreinaldiak

Europako zinema garaikidearen historia bizia

Isabelle Huppert aktore beteranoa da Neil Jordanen 'Greta' thrillerraren protagonista

Chloe Grace Moretz aktorea, Greta filmaren eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ia 50 urteko ibilbide artistikoa egin du Isabelle Huppertek, eta ez du ematen oraingoz gelditzeko asmorik duenik. Izan ere, 2019 honetarako, Greta honez gain, bere parte hartzea izan duten beste bost filmen estreinaldia iragarria dago. Azken urteotan, lan erritmo bertsuan ibili da Huppert, lauzpabost film urteko.

Dena dela, ez zaio kantitateari erreparatu behar, kalitateari baizik. Frantziarrak betidanik erakutsi du intuizio berezia proiektuak eta zuzendariak aukeratzeko, eta, urteen poderioz eskuratu duen estatusari esker, gaur egun are selektiboagoa da. Hori bai, salbuespenak salbuespen, beti lehenetsi izan du zinema europarra. AEBetatik eskaintza asko eta onak izan ditu, baina bakanak izan dira han egin dituen filmak.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran ekin zion aktore lanari. Bigarren mailako roletan, hainbat film frantziarretan trebatu zen, harik eta 1977ko Claude Goretta zuzendari suitzarraren La Dentellière-k sariak eta ospea ekarri zizkion arte.

Chabrol eta Haneke

Hurrengo urtean, Claude Chabrol handiarekin elkarlan emankorra hasi zuen, Violette Nozière filmarekin. Gerora, elkarrekin film ahaztezinak eginen zituzten: Une affaire de femmes, Madame Bovary, La cérémonie, Rien ne va plus...

Chabrolez aparte, 1980ko hamarkadatik aurrera, Huppert Frantziako zuzendaririk inportanteenekin hasi zen lanean: Maurice Pialat, Bertrand Tavernier, Jean-Luc Godard, Andre Téchiné, Benoît Jacquot, Claire Denis, François Ozon... Horrez gain, ordukoa da Michael Ciminoren Heaven's Gate ospetsuan jokatu zuen rola, Kris Kristofferson eta Jeff Bridgesekin.

Frantzian eta AEBetan ez ezik, Hupperten ofizio onak gero eta jarraitzaile gehiago zituen Europa osoan ere. Horrela, Marco Ferreri, Andrej Wajda, Valeria Sarmiento eta Taviani anaiekin lan egiteko aukera izan zuen, besteak beste.

Nolanahi ere, mende berrian, zinemagile austriar bat izan zen Hupperten ibilbidea markatuko zuena: Michael Haneke. La pianiste ahaztezina egin zuten 2001ean, eta, horren ostean, Wolfzeit, Amour eta Happy End etorri ziren.

Urteak pasatu arren, lan erritmoari eusten dio aktoreak. Azken urteotan egin dituen film ugarien artean, Hong Sang-soo zuzendari korearrarekin hasi duen elkarlana nabarmendu behar da. Horrekin batera, aspaldian izan duen arrakasta komertzialik handiena: Paul Verhoevenen Elle thriller psikologiko gogoangarria, Hupperti sari asko eman zizkion lana.

Greta Neil Jordan irlandarrarekin egiten duen lehen lana da. Piano jotzaile alarguna da Greta; New Yorken bizi da, eta lagunen premia handia du. Halako batean, poltsa galduko du metroan, Frances gazteak aurkituko du, eta itzultzen dioenean, bien arteko harreman korapilatsua hasiko da.

'GRETA'

Zuzendaria. Neil Jordan.

Aktoreak. Isabelle Huppert, Chloe Grace Moretz, Maika Monroe, Stephen Rea.

Herrialdea. Irlanda.

Urtea. 2018.

Iraupena. 98 minutu.

Generoa. Thrillerra.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.