Datorren asteko estreinaldiak

Poliziaren jarrera, auzitan

Hainbat poliziaren jarrera autoritarioari eta arrazakeriari buruz hausnartzen du 'Shorta' film luzeak. Bi zuzendariren artean egin dute, eta ostiralean izango da ikusgai Hegoaldean

Herrialde multikultural baina zatitu batean kokatzen da Shorta filma, Danimarkan. Polizia indarkeriaren eta arrazakeriaren gaiak lantzen ditu nagusiki. SHORTA.
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Duela egun gutxi bete da urtebete polizia batek George Floyd afro-amerikarra hil zuenetik, AEBetan. 2020ko maiatzaren 25ean hil zuten, Derek Chauvin polizia zuriak haren aurka erabili zuen jarrera basatiaren ondorioz: hiltzeraino ito zuen, haren hanka Floyden lepoaren gainean jarrita ia hamar minutuz izan ostean.AEBak astindu zituen albisteak, eta aspaldian puri-purian egon izan diren hainbat gai jarri zituen mahai gainean: arrazakeria eta indarkeria poliziala.

Hain justu ere, azkenaldian pil-pilean dauden gai horiei buruz mintzo da Frederik Louis Hviid eta Anders Olholm zinemagileen azken lana: Shorta. Danimarkan sortu eta ekoitzitako film bat da, eta thrillerraren generoan mugitzen baldin bada ere, zenbait poliziaren jarrera autoritarioaren eta arrazakeriaren gaiak lantzen ditu, etorkin baten eta bi polizia agenteren pertsonaien bitartez. Talib, Hoyer eta Andersen dute izena pertsonaia horiek, eta haien hartu-emanean eta jendartearen jarrera iraultzailean ardazten da kontakizuna.

Injustiziaren aurpegiak

Danimarka modernoan girotu dute lana, gaur egungo gizartean: multikulturala da, segregazio zantzuak ditu, eta arrazakeriari lotutako tentsio momentuak bizi ohi dira sarritan, horietako asko eta asko segurtasun indarrekin. Paisaia horren parte da Taliben pertsonaia, etorkin gazte bat, eta hura pantailan agertzen den unean hasten da mamitzen kontakizuna; izan ere, poliziak atxilotu ondoren, ospitaleratu egin behar izan dute.

Harrabotsa sortuko du berriak herritarren artean, eta ohikoak ziren tentsio uneak gogortuko ditu. Oraindik gehiago, gainera, etorkinaren heriotza ziurtatzen dutenean. Hoyer eta Andersen agenteak Svalegarden ghettoan patruilatzen ari direla egingo du eztanda azken orduko albisteak, eta istilu bortitz ugari eragingo ditu auzoan bertan. Istilu horiek gero eta gogorragoak izango dira minutuak pasatu ahala, eta bi agenteak konturatzerako, ez dute jakingo nola ihes egin.

Elkarbizitzaren erdigunean dauden gaiak jorratzen ditu film luzeak, eta, hain zuzen, gai horien inguruan egindako hausnarketa goraipatu dute filma ikusi duten zinemazale eta adituek. Europa iparraldean iragan urtean egin zen thrillerrik hoberena dela esan dute, eta badago Ladj Lyren Les Miserables filmarekin alderatu duenik ere. Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios telesailarekin ere alderatu du nork edo nork; izan ere, batzuetan enpatia puntu bat ere erakusten du autoritarismoz jokatzen duen agentearekiko. Nazioarteko hainbat jaialditan proiektatu dute dagoeneko, eta datorren ostiralean estreinatuko dute zinema aretoetan.

'SHORTA'
Zuzendariak. Frederik Louis Hviid, Anders Olholm.
Aktoreak. Jakob Ulrik Lohmann, Simon Sears, Tarek Zayat, Issa Khattab, Ozlem Saglanmak, Arian Kashef, Josephine Park, DulfiAl-Jabouri, Michael Brostrup,Abdelmalik Dhaflaoui, ImadAbul-Foul, Anne Plauborg.
Herrialdea. Danimarka.
Urtea. 2020.
Iraupena. 95 minutu.
Generoa. Thrillerra.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko antzoki eta zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.