ATZEKOZ AURRERA

Bidezko trukea, ontzitik eskura

'Tres Hombres' ontzi herbeheretarra Getarian da, bidezko merkataritzaren bidaian: kafea, txokolatea eta rona ekarri, eta Errioxako ardoa eta Getariako txakolina eramango ditu.

Getariako portura iritsi zen atzo goizean Tres Hombres belaontzia, eta astelehenean joango da herritik. JON URBE / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Getaria
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bare dago Getaria (Gipuzkoa), bare portuko urak; 10:00etan sartu da Tres Hombres belaontzi herbeheretarra, eta lainoak eta San Anton mendiak egin diete harrera ontziko piratei. Haiek ez ezik, txokolatea, kafea, rona eta dalia landareak ere ekarri ditu ontziak; tripulazioa ez bezala, bertan geratzeko asmoz datoz produktuak, eta Errioxako ardoak eta Getariako txakolinak hartuko dute haien lekua.

Masta gainean, belak biltzen etasokak ondo jartzen ari dira tripulazioko hamazazpi kideetako sei, arnesak gerrian. Behetik begira dago Andreas Lackner kapitaina: «Munduko hamasei zamaontzirik handienek auto guztiek batera baino gehiago kutsatzen dute», azaldu du austriarrak. Horri aurre egiteko eta «kontsumitzaileei arreta deitzeko asmoz» sortu zuen Fairtransport bidezko merkataritzaren aldeko proiektua, bi lagun herbeheretarrekin. Herrialdez herrialde dabiltza ordutik, produktu jasangarri eta ekologikoak trukatzen.

«Hemengo txakolin ona garestiagoa da hango rona baino», esan du umoretsu ontzia ikustera etorri den gizon getariar batek. Jon Goenagak barrez erantzun dio ontzitik; hark ekoitzitako G1200 txakolin ekologikoa eramango du Amsterdametik iritsitako ontziak. «Bihar egingo dugu trukea», azaldu du ekoizleak. Zer ekarri duten galdetu du orduan ontzia ikustera joandako neska batek; laster erantzun dio Ruuvd Offringa trukearen arduradunak: «Txokolatea, kafea, rona eta dalia landarea». Lau hostoko landare txiki bat luzatu dio, jangarria dela esanez.

Haizearen norabidean

Ontzia ikusten ari da Iosu Lasa, ondoan dituen bi emakumerekin berriketan. Haren bidez izan dute proiektuaren berri Elkanoren herrian: «Iloba Portugalen bizi da, eta Portoko ardoaren bila joan zen ontzia. Hari esker izan genuen ontziaren berri». Ekarritako produktuak saltzeko direla azaldu die, baita eramandakoak ere.

Usain gozoa dator sukaldetik; barrengorriak prestatzen ari dira ontziko hiru kide. Beste zenbait ontziaren beheko aldean daude, logelak atontzen; nabigazio sala eta liburutegi txiki bat daude gelen alde batean; bestean, berriz, biltegia.

Lemaren ondoko eskaileretan gora igo da Lackner, txokolate tableta bat eskuan; ontzia ikustera joan den bati eman dio: «Dominikar Errepublikako kakaoarekin egina dago». Aise mugitzen da kapitaina 30 metro luze den ontziko soka, kate, aingura, timoi eta abarren artean, hura eraikitzen ere aritu baitzen: «Hamabi urteren ostean, duela hamar urte amaitu genuen ontzia; arrantza-ontzi bat eredu hartuta egin genuen 150 boluntariok».

Esku askok eraiki zuten ontzia, eta beste horrenbeste behar dira hura itsasoratzeko ere; izan ere, ez du motorrik, eta haizearen laguntza ezinbestekoa du bidaiatzeko. Haatik, trukerako garraiobidea ez ezik, bela eskola ere bada Tres Hombres: «Gazteek ordaindu egiten dute bizimodua ikasteko», esan du Lacknerrek.

Ontzi barruan egiten dute bizitza piratek, eta hala egingo dute Getarian ere. Astelehenean ekingo diote itzulerako bidaiari, belak zabal-zabal, biltegia bete-bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.