ATZEKOZ AURRERA

Kuba zati bat Bilbo erdian

Kubaren errealitatea gerturatzeko eta herrialdeari elkartasuna adierazteko eguna egin dute Bilbon. Kubako ordezkaritza bat egon da, eta konstituzioa berritzeko prozesua azaldu dute.

Erakusmahaiak jarrita egon ziren atzo Bilboko Arriaga antzokiaren ondoan, Kuba egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ez da erraza pilotari jotzea, egia esan», esan zuen Leihor Muñuzek, hainbat saiakera egin ondoren. Txikitan, ikastetxean jokatzeko aukera izan zuen lehenagotik, baina askoz gehiagorik ez. Euskal Herrian gutxi egiten bada ere, beisbola kirol nagusia da Kuban. Horretan aritzeko esparru bat jarri zuten atzo, Bilboko Arriaga plaza inguruan, sarez inguratuta, pilotak itsasadarrera eror ez zitezen. Izan ere, Kuba eguna ospatu zuten atzo Bilbon, eta, besteak beste, uhartean jaun eta jabe den kirola gizarteratzea lortu zuten antolatzaileek.

Tropikoko herrialdearen zati txiki bat Bizkaiko hiriburura eraman nahi izan zuten atzo. Euskadi-Kuba elkarteak antolatu zuen ospakizuna, dagoeneko bigarren aldiz, eta Desembarco del Granma eta Sierra Maestra etorkin kubatarren elkarteekin batera aritu zen horretan.

Elkartasun gunea

Arriaga plaza inguruan jarritako karpan eta salmenta postuetan goizetik hasi zen mugimendua. Bozgorailuetatik Kubako musika jarrita zegoen bitartean, bikote bat erritmoari jarraituz dantzan egin nahian zebilen. Neskak mutilari pausoak nola eman behar diren erakusten zion.

Erakusmahaiak ere bazeuden Arriaga ondoko eremuan, denak ere Kubari lotutako salgaiekin. Rona eta azukrea zein preziotan zegoen galdezka ibili zen jendea, eta beste batzuk, iraultzari lotutako liburu edo dokumentalei begira. Hain zuzen, Kubarekiko elkartasuna zabaltzeko aukera baitzuen atzoko egunak. Hala azaldu zuen Jose Manzaneda Euskadi-Kuba elkarteko kideak: «Euskal Herrian Kubarekiko dagoen elkartasuna erakutsi nahi dugu, eta, bide batez, blokeoaren aurkako kanpaina hedatzeko baliatuko dugu eguna». Gaineratu zuen Kubako migratzaileentzat ere egun garrantzitsua dela, topagune ere badelako egitasmoa. Izan ere, aspaldi elkar ikusi gabekoentzako elkargunea ere izan zen ekitaldia.

Kubako iraultzaren inguruko hitzaldi bat eman zuten,uharteko errealitatea ezagutarazteko. «Askotan, iristen zaigun informazioa manipulatuta egon ohi da, eta ez dugu ondo jakiten zer gertatzen den han», esan zuen Ramon Bustamante kazetariak, hitzaldiaren aurkezpenean. Horregatik, errealitatea gerturatzeko lana egin zuten Mariela Castro diputatu kubatarrak, Mariela Pinza Argentinako mediku kubatarren koordinatzaileak eta Gustavo Machin Gomez Kubak Espainian duen enbaxadoreak. Kuban 2010etik eztabaidatzen ari diren konstituzio berriaren inguruan mintzatu ziren hizlariak. «100.000 batzar egin ditugu herritarrekin; prozesua oso parte hartzailea izaten ari da», esan zuen Machinek. «Aukeratu dugun sistema hobetzea da helburua, muinari eutsiz, kubatarren eguneroko bizitza hobetzeko helburuarekin».

Hitzaren, musikaren, dantzaren eta kirolaren bidez, Kubako errealitatea apur bat gehiago gerturatu zen horrela Bilbora, eta bere zati txiki bat hemen utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.