Espainiako Ministroen Kontseilua Bartzelonan. Egoera politikoa

Keinuak keinu, Madrilek ez du proposatutakotik harago joateko asmorik

Batet ministroak adierazi du konstituzioa dela elkarrizketaren muga. Subiranistek esan dute ez diotela autodeterminazioari uko egingo

Batet, ezkerrean, eta Zelaa, atzo, prentsaren aurrean. ANDREU DALMAU / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Giroa baretzeko keinutzat interpretatu daiteke Espainiako Gobernuak onartzea Katalunian gatazka politiko bat dutela. Eta testuinguru horretan, Kataluniako Gobernuak proposatutako bi gobernuen arteko bileraren formatua ontzat eman izana ere keinu moduan uler daiteke. Madrilek, Generalitateak bezala, gatazkari irtenbide bat emateko ahaleginean elkarrizketaren bidea ibiltzeko konpromisoa hartu du. Hori bai, ez du proposatutakotik harago joateko inongo intentziorik. Hori argi utzi zuten atzo Isabel Zelaa bozeramaileak eta Meritxell Batet Lurralde Politika ministroak, Ministroen Kontseiluaren ondoren, Bartzelonan, egindako agerraldian.

Eta, haien esanetan, konstituzioak zedarritutako markoaren barruan bideratu behar da elkarrizketa. Ezer berririk ez, horrenbestez, PSOEk azken hilabeteetan egindako planteamenduarekin alderatuta. «Autodeterminazio eskubideak ez du tokirik gure ordenamendu juridikoan, eta ez du sakoneko arazoa konpontzen», azpimarratu zuen Batetek atzo. «Elkarrekikotasuna» eskatu dio Zelaak Generalitateari.

Subiranistek ez dute mezu horrekin bat egiten. Anna Caula ERC Esquerra Republicanako diputatuaren hitzetan, «inoiz» ez diote autodeterminazio eskubideari uko egingo, eta modu «baketsuan eta elkarrizketara irekita egonik» aldarrikatuko dute. CUP areago joan zen, eta egoera desblokeatzeko «desobedientziaren» hautua egitera deitu zuen Carles Rierak. «Mobilizazioak eta aldebakartasuna dira eskubide sozialak eta autodeterminazioa lortzeko modu bakarra», adierazi zuen antikapitalisten parlamentariak.

Omnium Culturalek antolatutako ministroen kontseilu herrikoiaren bueltan egin zituzten adierazpen horiek, atzo. Marcel Mauri elkarte zibilaren presidenteordeak salatu zuen Espainiako Gobernuak ez duela gatazka konpontzeko «inongo proposamenik» egin. «Pedro Sanchez autodeterminazio eskubidea aitortzeko ezgauza bada, horrek esan nahi du arazo bat duela».

Elkarrizketatik «ekintzetara» igarotzeko eskatu die Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak Sanchezi eta Quim Torra Generalitateko presidenteari. Defendatu zuen Kataluniaren etorkizun politikoa katalanek beraiek erabaki beharra daukatela, erreferendum batean bozkatuz. Kataluniako Gobernuaren jarrera kritikatu zuen, gainera. Iruditzen zaio ahalegindu dela atzoko deituta zeuden «mobilizazioak hozten». Gogoratu zuen Generalitateak, hasiera batean, «probokaziotzat» hartu zuela Ministroen Kontseilua Bartzelonan egitea, eta herenegun, azkenean, bilera bat egin zuela Espainiako Gobernuarekin. Halere, arrakastatsutzat jo zituen atzoko mobilizazioak. «Greba orokor baten efektua lortu da greba orokor bat egin gabe».

Hori gertatu denez, Kataluniaren autonomia indargabetu dezala eskatzen ari zaizkio PP eta Ciudadanos PSOEri. Pablo Casado PPren presidenteak atzo adierazi zuenez, Sanchez Generalitatearekin «negoziatzen» ari dena «subiranotasun nazionalaren haustura» da. Eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruarentzat, Torrak «Katalunia bahitu» du, modu horretan «Espainia suntsitzeko». PSOEk dio, baina, ez duela Katalunian 155. artikulua ezartzeko eta, beraz, autonomia indargabetzeko asmorik. «155.ak ez du inongo ekarpen politikorik egiten», nabarmendu zuen Zelaak.

Companysi erreparazioa

Ministroen Kontseiluak, bestalde, bi ekinbide «sinboliko» onartu zituen. Batetik, Lluis Companys 1930eko hamarkadan Generalitateko presidente izandakoari buruzko erreparazio eta aitortza adierazpena. Erbestean presidente zela, Gestapok atxilotu zuen Frantzian 1940an. Frankistek gerra kontseilua egin zioten, eta ondoren fusilatu zuten. Dena dela, gerra kontseiluaren epaia baliorik gabe geratzeko lege bat behar da, eta, hain zuzen, hori eskatzen dute subiranistek.

Bestetik, Madrilek erabaki du Bartzelonako aireportuari Josep Tarradellas izena ematea —Generalitateko presidentea izan zen 1954tik 1980ra; aurrena, erbestean—. Generalitateak kritikatu du aldebakarreko erabakia izan dela.

Haserreak hartu ditu kaleak

Gutxieneko soldata 900 eurora, eta funtzionarioei %2,5eko igoera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.