Koronabirusa

Txertaketa arintze aldera, osasun ziurtagiriaren gaineko legea aurrera doa

Frantziako Konstituzio Kontseiluaren onespena behar du. Macronek esan du legea iragarri zenetik lau milioi pertsona gehiago txertatu direla

Osasun ziurtagiriaren kontrako protesta, larunbatean, Baionan. BOB EDME.
Arantxa Iraola - Uxue Rey Gorraiz
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Frantziako Asanblea Nazionalak igandean oniritzia eman zion osasun ziurtagiriaren eskea orokortu nahi duen legeari, eta Konstituzio Kontseiluaren onespena behar du orain, onbidean abuztuaren lehenarekin indarrean jartzeko. Orain aste bi eman zuen Frantziako Gobernuko presidente Emmanuel Macronek lege proiektu horren berri, eta asmo argia zuela onartu zuen: jendea txertatzera bultzatzea. Izan ere, txertoa da ziurtagiria lortzeko bideetako bat, eta ezinbestekoa izango daleku askotan sartzeko: 50 lagun baino gehiago batzen dituzten ekitaldietan eskatzen hasiak dira, eta igandetik aurrera eskatu beharko dute, adibidez, jatetxeetan eta garraiobideetan. Era berean, legeak osasun profesionalak txertatzera behartuko ditu. Eta xedea betetzen ari direla nabarmendu zuen atzo Macronek: bi asteotan lau milioi pertsona gehiago txertatu dira. Pozik eman zuen atzo albistea: «Denok batera garaituko dugu birusa! Aurrera goaz!».

Osasun ziurtagiria lortzeko, hain zuzen, atzerrian bidaiatu ahal izateko EB Europako Batasunean erakutsi beharko den agiria eskuratzeko ezarritako irizpide berberak jarriko dira: txertaketa prozesua eginda dagoela erakutsi beharko da, edo 48 ordu lehenago egindako test negatibo bat, edo eritasuna berriki igaro dela erakusten duen agiri bat. Legearen gaineko eztabaidan egin dituzten aldaketetako bat, hauxe: merkataritza zentro handiak libre utziko dira, ez dute eskatuko agiria; nerabeei ez zaie eskatuko irailaren 30era arte.

Kritikak eragin ditu gizarteko sektore askotan ziurtagiria ia ezinbestekoa egite horrek, eta protesta jendetsuak ere egin dira asteburuan gaiaren harira: milaka pertsonak, askatasunaren izenean, agiriaren erabileraren kontra egin dute. Ipar Euskal Herrian ere izan dute segida, eta Baionan, adibidez, jende ugari batu zen larunbatean lege berriak ekarriko dituen aldaketak arbuiatzeko.

Frantziako Gobernuaren asmoa da, ordea, azaroaren 15era bitartean indarrean izatea ziurtagiri hori, eta kritiken aurrean irmo eustea. Era horretan, helburu bat du, lehen iragarritakoen aurrean asmo handiagoz jarritakoa orain: lehendik esana zuten abuztuaren amaierarako 40 milioi herritar txertatuta egotea zela helburua, eta orain 50 milioi izatea da buruan duten plana.

Beste herrialde batzuek ere urratu dute ziurtagiriaren aldeko hautua: bide horretan sartu da, adibidez, asteburuan Galizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.