PSE-EE. Idazkari nagusiak aukeratzeko hauteskundeak. Iñaki Egaña. Bizkaiko PSEren hautagaia

«Ohartu behar dugu politika ez dela alderdiena soilik»

Gizartea eta militantzia aldatu dela ulertaraztea eta egoera berrira egokitzea du lehentasun. Gakoa horixe dela dio, eta bozak irabazteko alderdi batu eta sendoa osatzea.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
PSE-EEren Bizkaiko zuzendaritzan Antolaketarako idazkaria izan da azken urtean Iñaki Egaña (Bilbo, 1963). Batzar Nagusietako PSEren bozeramaile ere bada.

Zein alde dago Iñaki Egañaren eta Mikel Torresen hautagaitzen artean?

Zutoin beretik gatoz, eta, beraz, ideologikoki ezin dugu alde handirik izan. Azken urtean Antolaketarako idazkaria izan naizenez, herri askotako militanteekin egon naiz, entzun ditut, eta militantziaren arazoen berri eman dut. Uste dut horixe dela izan dezakegun alde nagusia.

Zein ondorio atera dituzu alde batetik bestera ibili zaren kanpaina honetan?

Ukaezina da alderdia egoera zail batean egon dela, eta hori militantziak antzeman du. Baina hartu dugun bide honi esker, militantziak ilusio handia dauka. Politika eztabaida, parte hartzea eta elkarrizketa dela ikusita, harrotasuna sentitzen ari da. Alderdi guztiei gomendatuko nieke halako prozesu bat. Ilusioa piztu du militantzia prozesuaren lehen lerroan jartzeak.

Zergatik erabaki zenuen zeure burua aurkeztea Bizkaiko idazkari nagusi izateko?

Azken urtean, asko egon naiz militanteekin, haiekin harremana egin dut, eta haiek esan zidaten egokia litzatekeela aurkeztea. Pentsatu nuen egoerak merezi duela ardura handiagoa hartzeko ahalegina egitea eta jauzi egitea erabaki nuen.

Alderdiko zuzendaritzak babesten duen hautagaitza Torresena dela zabaltzen ari da. Hala da?

Ez dut halakorik sumatu. Are, neutraltasun bikaina izaten ari da zuzendaritza.

Idazkari nagusi bazina, zer gauza aldatuko zenuke lehenik?

Aldatu, gauza handirik ez. Dagoeneko dena dago asmatuta. Baina ulertarazi nahiko nuke erabat aldatu den gizarte eta militantzia batengana zuzentzen ari garela. Ohartu behar dugu politika dagoeneko ez dela alderdiena soilik; alegia, badirela politika egiten duten bestelako elkarte eta mugimenduak ere. Errealitate horren gainean lan egin behar dugu.

Torres zure taldean hartzea pentsatu duzu?

Hemendik aurrera ere alderdi bakarra izango gara. Parte hartzea sustatu dugu, ideien konfrontazioa egin dugu, eta hori alderdia indartzeko egin dugu, ez ahultzeko. Aurrerantzean ere, integrazioa izango dugu lehentasun. Bihar-etzi herritarrentzat baliagarri izango den baliabide sendoa sortu behar dugu. Hauteskundeak irabaztea esan nahi du horrek, eta hori batuta lortzen da.

Egiten ari diren aldaketak nahikoa dira?

Hartutako bidea egokia dela uste dut. Baina argi dago ez dela aski aurpegiak aldatzea; jarrerak ere aldatu behar dira. Horretarako nahia badagoela frogatzen ari gara, eta, oraintxe, oinarriak aintzat hartuta, alderdirik parte hartzaileena gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.