Koronabirusa

Txibitek «normaltasun erlatibora» itzuli nahi du, «estropezu egin gabe»

Erran du osasunerako paseoak beharrezko dituztenak izango direla, haurren ondotik, kalera «ordenatuki» ateratzen hurrengoak

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, atzo, Nafarroako Parlamentuan. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Konfinamenduko neurriak pixkanaka leuntzen hasi nahi du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak, eta jakinarazi du heldu diren egunetan emanen dituela «normaltasun erlatibora» itzultzeko planari buruzko xehetasunak. Igandetik aitzinera, haurrak kalera ateratzen ahalko dira egunean ordubetez, eta presidenteak zehaztu du modu ordenatuan ateratzen hurrengoak osasuna bermatzeko paseoak eta mugimendua behar dituztenak izanen direla: erraterako, bihotzeko arazoak dituztenak. Txibite tentuz mintzatu da konfinamendua arintzeari buruz: «Ez da erraza izanen, eta ongi egin behar da». Halere, erran du duela hilabete pasatxo egindako prozesuaren aurkakoa izanen dela orain egin beharrekoa: «Duela hilabete, konfinamendu mailak igo behar genituen, eta orain helburua normaltasun erlatibo bat berreskuratzerantz jaustea izanen da, baina estropezu egin gabe».

Nafarroa Garaia egoera «nahiko onean» dago konfinamendua arintzen hasteko, Txibitek atzo Nafarroako Parlamentuko Foru Erregimeneko batzordean adierazi zuenez. Haren arabera, horren erakusle dira eritasunaren zabaltzearen eta kasuen gutitzea, osasun sistemaren gaitasuna eta jarraipenerako, kontrolerako zein informaziorako dituzten baliabideak. Azaldu duenez, «kontsentsuzkoa, kontrolatua eta progresiboa» izanen da fase berria, eta «zuhurtziaz eta zorroztasunez» eginen dute. Herritarren eta erakundeen «ardura» beharrezkoa izanen da horretarako, nabarmendu duenez.

Koronabirusa detektatzeko testen kopurua ere areagotu eginen dute egunotan, Txibiteren erranetan. Egunean 1.400 PCR proba egiteko ahalmena dute orain, eta egunean ia 5.000 egitera ere irits daitezkeela erran du Nafarroako Gobernuko presidenteak. Hala, ospitaleetan ez ezik oinarrizko arreta ematen duten osasun etxeetan ere egin nahi dituzte testak aurrerantzean. Horri esker, orain arte modu prebentiboan hartzen ziren bakartze neurriak errealitatera hobeki egokituko direla adierazi du Txibitek: «Jada ez dugu kasu posibleez hitz eginen, baizik eta kasu positibo baieztatuez».

Zahar etxeetan, besokoak

Nafarroako 50 ohe baino gehiagoko zahar etxeetan jada egin dizkiete testak erabiltzaile eta langile guziei, eta Txibitek jakinarazi du ez dela langilerik itzuliko lanera PCR proban negatibo ematen ez duen artean. Nafarroa Garaiko zahar etxeen %55ek koronabirus kasurik ez dutela ohartarazi du, eta hemendik aitzina landuko duten prebentzio modu berriaz ere eman ditu argibideak: besoko termikoak jarriko dizkiete zahar etxeetako erabiltzaileei gorputzeko tenperatura modu telematikoan neurtzeko. Egoitza bakoitzak eginen die jarraipena, aplikazio baten bitartez. Horri esker COVID-19aren sintoma den sukarra lehenago detektatzen ahalko dutela uste du Nafarroako Gobernuko presidenteak. Hainbat zahar etxetan eginen dute proba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.