Koronabirusa

Urkulluk «terroristatzat» jo ditu neurri murriztaileen kontra eragindako istiluak

Sei lagun atxilotu dituzte Bilbon, COVID-19ari aurre egiteko neurrien aurkako protestetan. Gaurko ere hainbat protesta antolatu dituzte

Protestariek erretako edukiontziak, Bilbon, ostegun gauean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Gau istilutsua izan zen ostegunekoa Bilbon. Dozenaka herritarrek protesta egin zuten koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien kontra, eta hogei edukiontzi inguru erre zituzten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ertzaintzak sei lagun atxilotu zituen, eta azaldu dute horietako gehienek aurrekariak dituztela —besteak beste, indarkeria matxistagatik eta lapurretagatik—. Autoritateari eraso egitea eta segurtasun neurriak ez betetzea leporatu diete, baina atzo iluntzerako aske ziren. Beste hiru pertsonari ere egotzi dizkiete kargu horiek, nahiz eta ez dituzten atxilotu. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «terroristatzat» jo ditu istiluak: «Terrorismoa da. Erabat gaitzesten ditut atzoko gertaerak. Terrorismoa ere bada herritarren ongizateari eta osasunari eraso egitea».

Protesta 21:30ean hasi zen, Indautxu plazan. Han elkartu zirenek Askatasuna eta Arnasa hartu nahi dugu leloak oihukatu zituzten, eta «errepresioaren» eta etxeratze aginduaren aurkako kartelak erakutsi. Sare sozialetan zabaldu zuten protestara joateko deia, eta Ertzaintza ikertzen ari da nork antolatu duen elkarretaratzea. Poliziari ez zioten bidalia elkarretaratzea egiteko jakinarazpenik.

Istiluek erreakzio errenkada bat eragin zuten atzo. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan zuen istiluetan parte hartu dutenen «soslaia» ikertzen ari dela Ertzaintza; haren arabera, ez dute soslai «homogeneoa», eta baztertu zuen «talde politikoren batekin» zuzeneko lotura izatea. Dena dela, aipatu zuen sare sozialetan berehala agertu zirela bideoak, eta ez zirela ageri «ezker abertzalearekin lotutako profiletan».

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak adierazi du ulertzen dituela «haserre eta desesperazio» uneak halako neurrien aurrean, baina, haren esanetan, «konspirazio teoriek» ez dute lagunduko «arazotik» ateratzen. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak irmo gaitzetsi du «kale indarkeria».

Bilbon ez ezik, Larresoron ere (Lapurdi) egin zuten protesta ostegunean. Adierazi zuten ez daudela ados Parisek ezarri duen konfinamenduarekin. Larresoroko protestan ez zen istilurik sortu.

Atzo arratsean, berriz, hamarnaka lagun bildu ziren Hendaian (Lapurdi) Konfinamenduari ez! lelopean. Frantziako Gobernuak hartutako erabakiari desobeditu zioten Hendaiako hondartzako kasino aurrean. Kalera ateratzeko beharrezkoa den agiri bat erre zuten, protesta gisa.

Gaurko deialdiak

Neurrien aurkako deialdi gehiago eginak dituzte gaurko. Gauerako, 23:30erako egina dago deialdi bat Bilboko Indautxu plazan biltzeko; sare sozialetan egin dute deia, hainbat hedabidek jaso dutenez. Gogoan izatekoa da 23:00etatik aurrera indarrean dela etxeratzea.

Bestalde, Gazte Koordinakunde Sozialistak ere hainbat herritan —Iruñean, kasu— antolatu ditu elkarretaratzeak arratsalderako, Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.