Koronabirusa

Madrilek 65 urtera zabaldu du AstraZenecaren txertoa hartzeko gehienezko adina

Adin tarteak kentzeko eskatu dute hainbat erkidegok. Bihar helduko diote berriz AstraZenecaren txertaketa prozesuari Hego Euskal Herrian

Erizain bat, langile bati COVID-19aren aurkako txertoa jartzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Andante, ma non troppo. Iragan asteko etenaldiaren ostean, Espainiako Osasun Ministerioak erabaki du txertaketa prozesua bizkortzea, Oxford unibertsitatearen eta AstraZeneca enpresaren txertoa adin tarte gehiagotara zabalduta. Orain arte, 55 urte arteko «lehentasunezko» langileei jarri izan diete sendagaia: irakasleei, suhiltzaileei, lehen lerroan ez dauden osasun langileei eta poliziei, besteak beste. Aurrerantzean, zerrenda hori handituko dute, apur bat bada ere, txertoa hartzeko gehienezko adinaren langa 65 urtera igota.

Hartara, bihartik aurrera indarrean sartuko diren aldaketek ez dute sobera aldatuko orain arteko prozesua: Oxford-AstraZenecaren txertoa emanen zaie jubilazio adinetik beherako «lehentasunezko» langileei, eta Pfizer eta Moderna enpresen dosiak erreserbatuko dituzte, berriz, adin horretatik gorakoentzat eta bestelako patologiak dituzten gaixoentzat.

Espainiako Osasun Ministerioaren proposamena eztabaidagai izan zen atzo Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluan, eta han berretsi zuten erabakia. Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere bat egin zuten Espainiako Gobernuaren irizpidearekin.

Hala ere, zenbait erkidegoren aburuz, Osasun Ministerioak proposatutako aldaketa «murritzegia» da, eta adin muga oro kentzeko eskatu zuten atzoko bileran, AstraZenecaren txertoa 65 urtetik gorakoei ere jarri ahal izateko. Osasun Ministerioko teknikariek ere bat egin zuten gehienezko adinaren muga kentzeko eskariarekin, baina, «oraingoz», txertoa 65 urtetik beherakoei jartzea lehenetsi zuten, «eraginkortasuna eta dosien eskuragarritasuna» bermatze aldera.

Adinekoak lehentasun

Espainiako Gobernuaren erabakien menpe egotearen ondorioz, Hego Euskal Herrian bihar helduko diote berriz AstraZenecarekin txertatzeari. Ipar Euskal Herrian eta Europako Batasuneko herrialde gehienetan, berriz, martxoaren 19an hasi ziren. Frantziako Gobernuak oso bestelako irizpidea ezarri du, gainera, sendagai hori jartzeko: gehienezko adin tarterik ezarri ez, baina 55 urtetik gorakoak lehenesteko «gomendioa» egin du Parisek, azken asteetan azaleratutako odolbildu kasu bakanak 55 urtetik beherakoetan atzeman dituztela argudiatuta. Iragan astean, EMA Sendagaien Europako Agentziak berretsi zuen ez dutela loturarik aurkitu odolbilduen eta AstraZenecaren txertoaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.