Koronabirusa

Populazioaren %4,1 txertatuta dagoela esan du Europako Batzordeak

Txertoak azkarrago ekoizteko estrategia ondu nahi dute estatuek. Heldu den hiruhilekoan bultzada eman nahi diete txertaketa planei

AstraZeneca txertoa prestatzen, dosi bat jartzeko. MANUEL BRUQUE / EFE.
arantxa iraola
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Goi bilera hasi dute EB Europako Batasuneko herrialdeek izurriaren gaineko gairik garrantzitsuenei erreparatzeko. Batetik, txertaketari begira jarriko dira. Izango dute zer aztertua: asteon ozen zabaldu dira AstraZeneca botika etxeak bete ez dituen konpromisoen inguruko kritikak, eta EBk txertoen esportazioa mugatzeko eskeak ere ugariak izan dira. Bestetik, immunitate ziurtagirien gaineko erabakiak zehaztu nahi dituzte, udarako ebatzi dadin nolakoak izango diren. Bitartean, txertoa da esperantza nagusia, eta, goi bileraren hasieraren harira, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek atzo jakinarazi zuen EB Europako Batasuneko herritarren %4,1ek hartu dituztela COVID-19aren aurkako txertoaren bi dosiak: 18,2 milioi pertsona dira. Nabarmendu zuen botika etxeek orotara 88 milioi dosi eman dizkiotela EBri, eta 62 inguru jarri direla.

Heldu den hiruhilekoan kopuru horiek handitzeko asmoa dute; onbidean, Pfizer, Moderna, Johnson &Johnson etaAstraZeneca botika konpainiek hitzartutako konpromisoak betetzen badituzte, 360 milioi dosi gehiago izango dituztela esan zuen. Johnson & Johnson konpainiaren txertoa dosi bakarrekoa da, eta uste dute txertatzeei aparteko bultzada emango diela txerto horrek.

Hala eta guztiz ere, txertoen ekoizpena bizkortzea da orain EBren helburuetako bat, eta goi bileran, hain zuzen ere, horretarako erabakiak zehaztu nahi dituzte estatuburuek. Ikusi egin beharko da, ordea, zer lortzen duten: AstraZeneca botika etxearekiko harremana gaiztotuta dago, Erresuma Batuarekin ere tentsioak agerikoak dira, eta ez dago batere argizer bide hartuko duten bileran erabakitakoek.

Europan bakarrik ez

Txertoen esportazioaren harira sortu diren kritikei buruzko argibideak ere eman zituen atzo Ursula von der Leyenek. Datuak eman zituen horretarako: 77 milioi esportatu dira. 31 milioi izan dira baliabide urriagoak dituzten herrialdeetan txertoak banatzen dituen nazioarteko Covax programara bideratzeko, eta gainerakoak, beste herrialde batzuetarako.

EBk esportazioak murriztu behar dituela dioten iritziekin bat egin zuen atzo Europako Parlamentuko presidente David Sassolik. «Ezin dugu xaloak izaten jarraitu», azaldu zuen. Europako Batasunerako txertatze kanpainekin bakarrik ez dela pandemia onbideratuko nabarmendu zuen atzo, hala ere, Von der Leyenek: «Ez du ezertarako balioko».

AEBek era erakutsi zuten atzo txertaketan aurrera egiteko asmo irmoa: Joe Bide presidenteak agindu zuen maiatza amaitu aurretik 200 milioi dosi banatuko dituztela. Agintea hartu berritan, ehun milioi dosi banatzeko konpromisoa erakutsi zuen, eta orduan egindako iragarpenen gainetik jardungo dutela adierazi du orain.

Immunitate ziurtagiriak

Immunitate ziurtagiriei dagokienez, Europako Parlamentuak ere egin zuen atzo horiek martxan jarri ahal izateko urrats bat. Izan ere, ziurtagiri horiek onesteko larrialdizko prozedura erabiltzearen alde egin zuten bozketa batean: 468 parlamentarik eman zuten aldeko boza, 203k aurkakoa, eta hamasei abstenitu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.