Mentoretzak etorkinen gizarteratzea errazten duela ondorioztatu dute

Mentoretzak dituen eraginak aztertzeko ikerketan parte hartu dute Gipuzkoako SOS Arrazakeriak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak

Urretxindorra proiektuan parte hartutako mentore eta etorkin bat. COORDINADORA MENTORIA SOCIAL.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Mentoretza sozialak etorkin eta errefuxiatuengan duen eragina aztertzeko Applying mentoring ikerketa aurkeztu zuten atzo goizean, eta, ondorioztatu dutenez, praktika horrek migratzaileen «inklusio soziala bultzatzen eta errazten» du. Gironako Unibertsitateak gidatu du ikerketa, baina bertan parte hartu dute Gipuzkoako SOS Arrazakeriak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere, Urretxindorra proiektuaren bidez. Egitasmo hori bazterketa arriskuan dauden etorkin nerabeei zuzendutako proiektu bat da, eta unibertsitateko edo goi mailako ikasle mentoreak migratzaile nerabeekin harremanetan jartzen ditu, horiei babesa eman eta gizarteratze prozesuan laguntzeko.

Ikerketaren arabera, proiektuen azterketak argitzen du mentoretza sozialak duen «eraginkortasuna», eta hainbat «onura» ditu kolektibo migratuen eta errefuxiatuen taldeetan. Gizarteratzea ahalbidetzeaz gain, babesa ematen die ikastetxeetan, gizarte zerbitzuetan eta harrera erakundeetan.

Zehazki, hiru taldeetan duen inpaktua aztertu dute: etorkin nerabeengan duen eragina —hor sartzen da Urretxindorra proiektua—; bakarrik dauden migratzaile gazteengan duena; eta asilo eskaera egin duten etorkin helduengan duena. Azaldu dutenez, kasu guztietan, mentoretzak «laguntza garrantzitsua» ematen du. «Etorkinen eta errefuxiatuen osasun mentala eta emozionala hobetu egiten da mentoretzari esker». Adierazi dute laguntzen duela, besteak beste, eskolarako egokitzapenean, helduarorako trantsizioan eta harrera programen fase aldaketetan, babes soziala emateaz gain.

Eragin positiboak, nonahi

Ikerketak dioenaren arabera, mentoretzak «nabarmen hobetzen ditu» bakarrik dauden migratzaile gazteen osasun mentala, autoestimua, erresilientzia eta etorkizun hobe bat izateko itxaropena. Hala, jakinarazi dute mentoretza proiektuetan parte hartu duen gazteen hezkuntza helburuak hirukoiztu egiten direla.

Ikerketak ondorioztatzen du, bestalde, mentoretza sozialak aukera ematen duela nerabeen eskolatzearekin lotutako hainbat adierazlek okerrera ez egiteko, eta, horrela, eragotzi egiten dela nerabeen hezkuntza ibilbidea ahultzea. Oscar Prieto ikerketaren zuzendariak komunitatearen kide sentitzearen garrantzian jarri zuen azpimarra, eta adierazi mentoretzak horretarako bidea irekitzen duela.

Era berean, tokiko hizkuntza ikasteko orduan ere sumatu dute aldea. Ondorioztatu dute mentoretza programetan aritutako ikasleek eskoletan modu aktiboagoan hartzen dutela parte, eta harrera geletan pasatu beharreko denbora ere murriztu egiten dela. «Tresna bat gehiago izan daiteke eskola porrotari aurre egiteko».

Asiloa eskatu duten helduen kolektiboari erreparatuz, berriz, azterlanean jaso dute mentoretzak «errefuxiatuen ongizate sozioemozionala hobetzen» duela, eta modua ematen duela haientzat espazio seguru eta eroso bat eraikitzeko.

Badago azpimarratu zuten azken kontu bat ere: aztertutakoaren arabera, aldebikoak izan dira mentoretza proiektuek emandako onurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.