Jonathan Caro.
Koronaburisa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Zahartze analogikoa

2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako pandemiak benetako hondamendia ekarri du gizartera, baina baita ekarpen on gutxi batzuk ere. Adibidez, teknologia digitalen erabilera asko handitu da, eta biztanleok hauetara azkar moldatu gara, batez ere konfinamenduan komunikatzeko beharrak jota. Orain telelana lan egiteko eredu arrunta bilakatuko omen da, komunikatzeko aplikazioak zeharo hedatu dira gizartean eta gure buruak mundu berri honetara bizkor moldatu ditugu. Hau esanda eta pertsona zaharren egunerokoari begira, benetan hauek guztiak egokitu ote dira egoera berrira? Enpresek eta zerbitzu publikoek benetako ahalegina egin dute hauen moldaketarako?

Burura datorkidan lehengo adibidea Bizkaiko Errenta kanpaina da. Aurten etxera heldutako gutunean ez dago zirriborrorik, emaitza bakarrik ikus daiteke eta hori onartzeko webgune batera joanarazten gaitu. Webgune horretara sartzeko gure klabe edo agiri digitala beharrezkoa da kudeaketa amaitzeko. Prozesu hau ez da erraza inorentzat, are gutxiago arlo digitala menperatzen ez duten pertsonentzat, zahar askorentzat, adibidez. Aurreko urteetan adinduak gutunarekin bankura edo foru aldundiko bulego batera zihoazen eta bertan tramite guztiak egiten zizkieten. Aurten, koronabirusa dela eta, inork ez du zerbitzu hau eskaintzen.

Bankuekin jarraituz, etorkizunean bulego kopurua murriztuko dela argi dago. Ziur bankuen eta bezeroen arteko harremana gero eta ezberdinagoa izango dela, izan ere helduko da momentu bat non ez dugun banketxeetan langilerik ezagutuko. Hori positiboa izan daiteke batzuen iritziz, baina garapen horretan zaharrak kanpoan geratzen ari dira. Gero eta zerbitzu gutxiago burutu daitezke kutxazain fisikoan eta automatikoetara bideratzen gaituzte, baita zaharrenak ere, baina banketxeko inoren laguntza gabe. Bankuek telefono bidezko aplikazioa erabiltzea sustatzen dute baina, zein bankuk dauka zaharrei moldatutako aplikazioa? Zer bankuk egin ditu erraz ulertzeko argibideak txosten egoki batean? Zein bankutan eskaini dira zailtasunak duten pertsonei aplikazio hauek erabiltzen irakasteko ijkastaroak? Gainera, zaharrek hau guztia maneiatzen ikasten duten bitartean komisioen ordainketak ugaltzen zaizkie, diskriminazio bikoitza.

Beste adibide esanguratsua osasun sisteman dago. Telefonoz orduak hartzen duten profesionalak hain lanpetuta daude ezen hitzordua hartzeko aplikazio digitalak erabiltzea irtenbide bakarra den sarri askotan. Berriro arazo berbera, aplikazioak erabiltzeko argibide egokiturik ez, eta zaharrei aplikazio hauek erabiltzen irakasteko ikastarorik ere ez. Kexa handiak daude txertoaren abisua sms batetik jaso duten adinekoen artean ere.Zaila egiten zaie mezua zabaltzea, irakurtzea eta bertan agertzen diren arauak ulertzea, gainera sms-ak Osakidetzako webgunera bideratzen du han ordua hartzeko.

Nire ustez, adinkeria instituzionalaren aurrean gaude adibide horiekin, horren ondorioz administrazioek eta enpresek ez dute uste pertsona zaharrek gauza berriak ikasteko gai direnik. Izan ere, ez dute ahaleginik ere egiten ikaskuntza prozesu hori gertatzeko. Zaharrak ez dira garapen digitaletik kanpo geratzen, adinkeria dela medio kanporatzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.