Ez diote erraza jarriko

Beaumont Barne kontseilariari kargua hartzerako sortu zitzaizkion kontrakoak, eta lanean hasterako kontrarioak: Foru Poliziaren Sindikatuak gomazko pilotak debekatzearen aurka egin du berriki.

Maria Jose Beaumont, Uxue Barkosek Nafarroako presidente kargua hartu zuen egunean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz telleria sarriegi
2015eko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Eta ez zuen berak ere kontrakorik esperoko, baina ez diote erraza jarriko; ez. Kargua hartzerako sortu zen haren inguruan sekulako ekaitza, eta ia lanean hasterako sortu zaizkio Maria Jose Beamount Barne kontseilariari lehen kritikak. SPF Foruzaingoaren sindikatuak gogor egin du berriki gomazko pilotak debekatzearen aurka, Nafarroako Suhiltzaileen LAB sindikatuak ere bai berriki Larrialdietarako Agentzia desagerraraztearen kontra, eta ari dira Foruzaingoko iturriak bazkazaleei bazka ematen Beaumont kargura iritsi denetik hainbat foruzain Espainiako Polizia izateko eskaerak egiten ari direla esaka, edo ezker abertzalea Foruzaingo barruan Iruñeko udaltzainburu izateko bere hautagai baten bila dabilela esaka.

Nafarroako Presidentetza, Justizia, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilaria da Maria Jose Beaumont. Ez bakarrik Barne kontseilaria. Eta haren departamentuaren egitasmoak 2015-2019ko Nafarroako Gobernurako Akordio Programatikoan daude ongi zehaztuta (www.navarra.es). Zazpigarren atala da departamentu horri dagokiona. Hasten da funtzio publikoan sustatu beharreko «erreforma demokratikoa» aipatuz, eta jarraitu administrazioaren «egitura eta beharrezko langile motak zehaztu» eta «funtzio publikoan sartzeko sistemak aztertu» beharra nabarmenduz. Segidan dator Justiziari buruzko azpi-atala: «teknologiaren modernizatzea», «giza eskubideen plana», «lan zama aztertzea», «gobernu barruko zigorren betearazpena kudeatzeaz arduratuko den organo bat sortzeko aukera aztertzea»... bertan nabarmentzen diren zenbait puntu.

Baina kontrako lehen erreakzioak Foruzaingoari dagokion azpiataleko azken puntuak sortu ditu. Eta ez zen, ziurrenik, espero gabekoa izango. Zera dio laugarren puntuko egitasmo horrek: «Foruzaingoko esku hartzeko unitate bereziaren lana arautzeko protokolo bat prestatzea; gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetak erabil daitezen debekatzea; eta [jendeari] atzera eragiteko gomazko pilotak erabil daitezen debekatzea».

SPF Foru Poliziaren Sindikatuak «hausnartzeko» eskatu die Nafarroako Gobernuko egungo agintariei, eta duela bi aste Saloun (Tarragona, Herrialde Katalanak) senegaldar baten heriotzak sortutako liskarren ingurumaria baliatu dute horretarako. «Debekuari» buruz baino gehiago, gomazko pilota horien «erabilera egokiari» buruz hausnartzeko eskatu dute sindikatukoek. «Herri- tarrek ere galde diezaiotela euren buruari: nahiago duten tamaina horretako liskarrak izan poliziek ez daukatelako behar adina baliabide, edo nahiago duten polizia horiek egoera horiek kontrolatzeko adina baliabide izatea».

Kataluniako Mossos d'Esquadrek debekatuta daukate gomazko pilotak erabiltzea 2014ko apiriletik. Salouko gertakarietan 150-220 lagun «legezkoa ez zen» manifestazio batean elkartu zirela diote SPFkoek, barrikadak jarri zituztela, harriak bota, trenbidea moztu, poliziak kolpatu eta txikizioak eragin taberna, ibilgailu eta edukiontzietan. «Eta argi dago masa horri aurre egiteko mossoek zituzten baliabideak ez zirela nahikoak. Gomazko pilotak debekatuta dauzkate, baina, material hori modu egokian erabilita, kalte asko ekidin zitezkeen».

Elkartasun osoa adierazi diete horregatik mossoei, eta «hausnarketa» eskatu «tankera horretako aginduak» ematen dituzten «botere publikoei». Gomazko pilotak erabilita edo erabili gabe, poliziek ere izan behar dutelako, haien ustez, langile gisa, lan arriskuen prebentzioa aintzat hartuz aritzeko bermea.

Foruzaingotik datorkio, beraz, Beaumonti lehen liskarraldia, eta, ziurrenik, ez da azkena izango. Aurten bete ditu erakunde horrek50 urte. Betebeharretan eta funtzioetan etenik gabe gora egin duen polizia bat da, baina funtzionamenduan, bitartekoetan eta kudeaketan bilakaera ez da erritmo berean gauzatu.

Joan den martxoan moldatu zuen Nafarroako Parlamentuak Polizien Legea, besteak beste, soldaten arteko aldea gutxitzeko asmoz. PSNk, Bilduk, Aralarrek eta Ezkerrak bozkatu zuten alde, UPNk eta PPk kontra, eta Geroa Bai abstenitu egin zen. Gerardo Goñi Foruzaingoko orduko buruak esana da legearen moldaketak «haustura» eragin duela Foruzaingoan: «Barne tentsio handia dago, eta maila pertsonalera ere iritsi da kontua». Sindikatuek esana: «Kolektiboa 2005. urtetik dago hautsita».

Izen eta jokaera berriak

Panorama horrekin egingo du topo (tupust?) Maria Jose Beaumontek. «Niretzat, Foruzaingoa beste zerbitzu publiko bat da; ziurrenik, berezia. Hori zabaldu nahi dut, herritarrei laguntzeko zerbitzu gisa ikus dadin, eta ez zerbitzu zapaltzaile baten gisa», zioen Barne kontseilariak hilaren hasieran BERRIAk egindako elkarrizketan. Eta norabide horretan hartu ditu, nonbait, lehen erabakiak: Agustin Gastaminza izendatu du Barne departamentuko zuzendari nagusi —Foruzaingoko komisario nagusia zen orain arte—, eta Torcuato Muñoz izendatu du Foruzaingoko buru. Gastaminzak Patxi Fernandezen tokia hartuko du, eta, lehen aldiz, foru polizia batek beteko du kargu hori. Muñozek Gerardo Goñiren tokia hartuko du. Kargura iritsi eta gutxira iragarri zuen Beaumontek Goñik ez zuela jarraituko Foruzaingoko buru gisa, nahiz eta esker oneko hitzak izan dituen bai harentzat eta bai Javier MorrasBarne kontseilari ohiarentzat, «adeitasunez» tratatu dutelako.

Kargu berrietarako «entzuten dakien jendea» aukeratu du Beaumontek. Bai baitaki azken urteetan, murrizketak direla eta barne gatazkak direla, baztertuta sentitu eta entzungor egindakoen taldea kudeatu behar duela. Aurrekoek gaizki eginak izango ditu alde, eta aurrekoek jositako sare korapiloz betea kontra. Eta korapilo horiek askatzen asmatzea ez diote erraz jarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.