Koronabirusa

AstraZeneca ez dute erabiliko 60 urte baino gazteagoekin

Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoekin erabaki du txertoa soilik 60 eta 65 urte artekoei ematea, EMAren ondorioak entzun ondoren

Farmazilari bat AstraZeneca txertoaren dosi bat prestatzen, joan den otsailean, Londresko laborategi batean. NEIL HALL / EFE.
Igor Susaeta-Edurne Begiristain
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Txertaketa estrategiak aldaketa sakonak izango ditu Hego Euskal Herrian, itxura guztien arabera. Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek erabaki dute AstraZenecaren txertoa 60 urte baino gazteagoei ez ematea. EMA Sendagaien Europako Agentziak atzo txerto horren eta odolbilduen arteko erlazioaz egin duen ierketa jakinarazi ondoren erabaki zuten hori, Madrilen egin zuten bileran. Eusko Jaurlaritzak abstentzioa eman zuen, eta Nafarroako Gobernuak, erkidego gehienek bezala, erabakiaren alde egin zuten.

«Litekeena» da loturaren bat egotea AstraZeneca etxearen txertoaren eta hori hartzearen ondorioz Europan erregistratu dituzten odolbildu kasu bakanen artean. Hori baieztatu du EMAk. Zehaztu du, hala ere, tronbo horiek hartu behar direla «albo kalte oso arraro gisa», eta, horrenbestez, konpainiaren txertoaren erabilera defendatu du. «Hilkortasun arriskua askoz ere handiagoa da COVID-19arengatik, albo kalte arraro horiengatik baino», nabarmendu zuen, atzo, Emer Cooke erakundearen zuzendariak.

Horiek horrela, EB Europako Batasuneko estatuek erabakiko dute zeini ipiniko dioten txertoa. EMAk txostenaren berri eman eta gero, hain zuzen, bideokonferentziaz bildu ziren 27 estatuetako Osasun ministroak. Eta horren ondoren, gauean, Espainiako Gobernuak proposatu zien erkidegoei 60 urtetik beherakoen txertaketa etetea, behin-behinean. Frantziak 55 urtetik gorakoei soilik jartzen diete txerto hori.

Hain zuzen, EMAk aipatutako lotura horri heldu dio Madrilek gomendioa egiteko. Agentziaren segurtasun batzordeak aditu batzuen laguntzarekin ondutako txostenaren berri eman zuten Amsterdamen, agentziaren egoitzan, eta mezua argia da: loturaren bat egon daiteke detektatutako tronboen eta txertoaren artean, baina txertoaren onurak gailentzen dira. «Txertoa eraginkorra da gaixotasuna, ospitaleratzea eta hilkortasuna saihesteko. Oro har, onura handiagoa da arriskua baino», adierazi zuen Sabine Straus EMAren segurtasun batzordearen buruak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere ohar bat kaleratu zuen atzo, EMAren tesia berretsiz; esanez, alegia, onurak handiagoak direla arriskuak baino.

Joan den martxoaren 22a bitartean EB Europako Batasunaren sendagaientzako datu baseari jakinarazitako buruko 62 odolbildu eta erraietako zain batzuetan agertutako 24 tronbo aztertu dituzte txostena osatzeko. 18 kasutan hilgarriak izan ziren tronboak. EMAk oharrean azaldu duenez, EEE Europako Ekonomia Esparruan 25 bat milioi pertsonak hartu dute txertoa—EBn, hamar bat milioi lagun inguruk—.

Sendagaien agentziaren ikerketak dioenez, orain arte 60 urtetik beherako emakumeetan detektatu dituzte kasu gehienak, txertoaren dosia hartu eta ondorengo bi asteen barruan. Dena dela, azken asteotan egindako azterketan ez dute arrisku faktore «jakinik» detektatu —orain hilabeteinguru ezagutu ziren lehen odolbildu kasuak—, «adina edo sexua», esaterako, aintzat hartuta. EMAko buruzagiek adierazi zuten datu gehiago eduki ahala horiek plazaratzen joango direla. «Azalpen onargarri bat izan daiteke horiek direla [odolbilduak] txertoari emandako erantzun immune bat», aurreratu du agentziak.

Nolanahi ere, Strausek behin baino gehiagotan azpimarratuzuen, kazetarien galderei erantzunez, «oso-oso arraroa» dela odolbildu bat edukitzea AstraZenecaren txertoa hartzeagatik. «Bat, 100.000ren artekoa».

Hori bai, EMAk nabarmendu du odolbildu baten sintomak nabaritzerakoan «berehala» jotzeko osasun zerbitzuetara. Sintomak dira, agentziaren esanetan, arnasa hartzeko zailtasunak izatea, bularrean, buruan edo sabelean mina sentitzea, hantura bat gertatzea hankan, ikusmena lausotzea, edo odol orban txikiak ateratzea injekzio puntutik haratago.

AstraZenecaren txertoek eragindako osasun arazoek soka luzea ekarri dute azkeneko asteotan. Txertoaren eta odolbilduen arteko lehen susmoak agertzearekin batera, Europako hamasei estatuk txertoa jartzeari utzi zioten, behin behinean. Martxoaren 18an EMAk baztertu egin zuen tronboak AstraZeneca txertoak eragindakoak zirela, eta argi utzi zuen «segurua eta eraginkorra» zela. Haatik, handik bi astera lotura hori erabat ezin zela ukatu onartu zuen, eta, herenegun, Marco Cavalieri agentziaren txertaketa estrategiaren arduradunak esan zuen «argi» dagoela lotura bat dagoela odolbilduen eta txertoaren artean. «Baina oraindik ez dakigu erreakzio hori zerk sortzen duen». Alemaniak 60 urtetik beherakoen txertaketa geldiarazia du behin-behinean; eta Belgikak 55 urtetik beherakoena etengo du datozen lau asteetan. Erresuma Batuko Gobernuak gomendatu zuen, atzo, 30 urtetik beherakoek AstraZenecarena ez den txerto bat hartzea, «eskuragai badago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.