ELAk salatu du zahar etxe batean egoiliarrak 14 orduz jan barik izan dituztela

Sindikatuak Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuaren dimisioa eskatu du. Langile kopurua handitzea nahi dute

Gipuzkoako zahar etxeetako langileen manifestazioa Donostian, joan den asteko greba egunetako batean. G. RUBIO / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
ELAren salaketa baten harira egindako ikuskapen batek azaleratu du Donostiako Txara I zahar etxeak ez dituela langileen ratioak betetzen. Sindikatuak ohar bidez adierazi du egoitzak kudeatzen dituzten enpresa pribatuek «ahaztu» egin dutela pertsonekin egiten dutela lan, eta «ez torlojuak egiten». Hamalau ordu jan barik izateaz gain, egoiliarrak gosaltzera askotan fardelak aldatu gabe eramaten dituztela nabarmendu du sindikatuak. Beste kasu batzuetan, afaldu ostean jarraian oheratzen dituztela jakinarazi dute, eta batzuek gonbitoka egiten dutela horregatik.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 252 egun daramatzate greban, eta, sindikatuaren arabera, ikuskapenak agerian utzi du haien «aldarrien zilegitasuna». Esan dutenez, egoera ez da mugatzen Txara I zahar etxera, eta Gipuzkoako zentro gehienetan erizainak falta direla azpimarratu dute. ELAk Gipuzkoako Aldundia jo du erantzule nagusitzat, diruz laguntzen dituelako sektoreko enpresa pribatu guztiak eta ratioak zehazten dituelako.

ELAko bozeramaile Aimar Etxeberriak hiru eskaera egin ditu Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan: langileek egoiliarrak artatzeko duten denbora luzatzea, langile kopurua handitzea eta Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak dimisioa ematea. Ohar bidez ELAk gaineratu du «orain dela hiru hamarkada ezarritako ratioek» ez diotela gaur egungo errealitateari erantzuten. Sindikatuaren arabera, aspaldi eskatu zioten diputatuari haiekin biltzeko, «Gipuzkoako egoitzen egungo egoera» konpondu eta langileen baldintzak hobetzeko.

Peñak onartu du abuztuan langile gutxiago egon direla, baina udako oporrekin eta ordezko langileak lortzeko zailtasunarekin lotu du arazoa. «Hamalau ordu jarraian oheratuta egoteak ez du esan nahi ezer jan gabe egon direla», adierazi du. Diputatuak aitortu du, halaber, abuztuko bederatzi egunetan goizetan eta arratsaldeetan ez zela erizainik egon, eta ordezkapenak egiteko arazoei egotzi die. Txara I-ekoa «325 ikuskapenetatik bat» dela nabarmendu du, halere, eta jan barik hamalau ordu pasatu zutenak 116 egoiliarretatik hamasei izan zirela. ELAko Etxeberriak kontra egin dio: «Peña gezurretan ari dela uste dut, eta berak badakiela. Hau ez da gauza puntual bat, hau egiturazkoa da». Gaineratu du Txara I-en egunero daudela egoiliarrak «hamalau, hamabost eta hamasei orduz ohean», eta hori bakarrik ez, «zahar etxe guztietan» gertatzen dela hori. «Harritu egin gaitu gaur ateratzea hau albiste gisa, baina guk badakigu eguneroko kontu bat dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.