Lau bizkaitar atxilotu dituzte, Asturiasen gizon bat hiltzea leporatuta

Erredakzioa
Bilbo
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak hiru gizonezko atxilotu zituen atzo Bizkaian, Asturiasen (Espainia) gizonezko bat hil izana leporatuta. Beste bizkaitar bat ere atzeman dute, Suitzan, eta hura estraditatzeko eskaria egin du Poliziak. Uste dute atxilotuetako batek prestatu zuela hilketa, lagun baten babesarekin, eta bi «sikario» hartu zituztela hilketa bera egiteko. Ikertzaileen hipotesi nagusia da emakume batekin zeukan harremanagatik hil zutela gizona.

Hildako gizona Javier Ardines zen, 52 urtekoa. Llanes herrian hil zuten, joan den abuztuaren 16an; herri horretako zinegotzia zen, Izquierda Unidakoa, eta, horregatik, hasieran arrazoi politikoekin lotu zuten hilketa. Ikerketaren arabera, hil zuten egunean goizean goiz irten zen etxetik furgonetan, eta, handik metro gutxira, bidea oztopatzen zuten hiru hesirekin egin zuen topo. Guardia Zibilaren esanetan, zinegotzia autotik jaits zedin ipini zituzten hesi horiek hiltzaileek. Bi ordu geroago, bide erdian aurkitu zuen haren gorpua bizilagun batek. Buruan jasotako kolpeen ondorioz zendu zen gizona.

Harremana emaztearekin

Lau lagun atxilotzearekin batera, hainbat miaketa egin zituzten atzo Bizkaian; besteak beste, Bilbon, Zornotzan eta Erandion etxebizitza batzuk arakatu zituen Guardia Zibilak. Atxilotuak datozen egunetan eramango dituzte Llanesera, hango epaitegia ari baita hilketari buruzko ikerketa bideratzen. Sekretupean dago sumarioa.

Albiste agentziek Guardia Zibilaren iturriak aipatuz jakinarazi dutenez, atxilotuetako baten ekimena izan zen gizona hiltzea. Hildakoarekin familia harremana dauka gizon horrek: lehengusuak dira akusatuaren emaztea eta hildakoarena. Horrekin lotuta, polizien hipotesi nagusia da akusatuak mendeku hartzeko agindu zuela gizonaren hilketa: hildakoak harremana zeukala akusatuaren emaztearekin, eta horregatik «jeloskor» zegoelako hil zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.