Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Gizarte zerbitzuak nola gobernatu

2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Osasun, hezkuntza eta pentsioekin batera, gizarte zerbitzuak dira gure artean ongizate estatuaren laugarren zutabea; haien lana da zahartzaroari eta mendekotasunari loturiko beharrei, bazterkeria egoerei edota haurtzaroan zein beste edozein adinetan izaten diren babesgabetasun egoerei aurre egitea. Gizarte zerbitzuek ez dute, ordea, beste sistema horiek duten egitura sendoa: Espainiako Gobernuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udal guztiek—handiak ala txikiak izan— dituzte esparru horretan eskumenak eta betebeharrak. Zerbitzuak, gainera, ez dituzte gehienetan erakunde horiek ematen; normalean, enpresek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek dute hiritarrei zerbitzua emateko ardura. Gogoratu behar da Osasun, Gizarte Segurantza eta Enplegu sailen artean, gizarte zerbitzuen kokapen instituzionala beti izan dela eztabaidagarri —are gehiago gaur egun, COVID19-ak sorturikoak kontuan hartuta—.

Neurri batean, egitura horrek baditu abantailak: bilakaera historiko jakin baten ondorio da, eskumen garrantzitsuak ematen dizkie hiritarrengandik gertuen dauden erakundeei —hots, udalei—, eta gaur egun modan dagoen maila anitzeko gobernantza horren adibide zuzena da. Egitura horrek baditu arazoak ere, ordea. Felix Arrieta irakasleak ongizatearen artxipelagoari buruz hitz egiten du, eta esaten du gure artean gizarte zerbitzuak mataza bat direla, bertara jotzen duten pertsonak galduta sentitzen diren labirintoa. Egitura horrek, gainera, hiru gizarte-zerbitzu sistema sortu ditu Euskadin —bat lurralde bakoitzeko—, eta EAEko hiritarren arteko berdintasuna urratzen du.

Bi arazo ezberdin daude hor, hala ere: alde batetik, ezberdintasunarena; bestetik, matazarena. Lehenengoa ez da, agian, horren larria: normaltzat jo daiteke lurralde bakoitzean eskubideak era ezberdinean gauzatzea, lurralde horietako hiritarren lehentasun edota preferentzien ondorio bada behintzat. Hiru ogasun dituen nazio foral batean zergatik ez hiru gizarte-zerbitzu sistema? Larriagoa da, agian, lurralde historiko bakoitzean udalen eta foru aldundien artean ezarri den eskumen banaketak sortzen duen mataza. Izan ere, gizarte zerbitzuen alorrean ezberdintasun larriena udal bakoitzak zerbitzuak garatzeko dituen ahalmen eta lehentasunei loturikoa da. Ezberdintasun handiena ez dago, zentzu horretan, Mutriku eta Ondarroa artean, baizik eta Irun eta Hondarribi artean, edota Bilbo eta Etxebarri artean. Horrez gain, esparru geografiko berean antzeko arazoen aurrean bi edo hiru erakunde maila ezberdin aritu ahal edo behar izateak sortzen du matazarik larriena, hiritarren galera eta ardura propioei muzin egiteko aukera.

Horregatik guztiagatik, askok pentsatzen dute antolaketa horrek ez duela balio gaur egungo gizarte zerbitzuetarako. Seguru asko, ez da aproposena udal guziei —handiak ala txikiak izan— berebiziko garrantzia duten eskumenak ematea, udal askok ez baitute zerbitzu horiek emateko tamaina edo baliabide nahikorik. Gogora dezagun gure udalerriak txikiak direla oso—8.000 biztanle inguru, batez beste—, beste herrialde batzuetako udalerriekin alderatuta—Ingalaterran, 171.000; Suedian, 34.000, esaterako—.

Horren aurrean, zer egin? Osasunaren arloan ospitaleak eta osasun zentroak uztartzen dituzten Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) bitartez egin den bezala, eskualde mailako zerbitzu sareak bultzatzeaizan daiteke gaur egun —birzentralizazio autonomiko baten aurrean— aukerarik errazena, mankomunitate eta partzuergoak bultzatuz. Horrela eginda kudeaketa publikoaren hainbat eta hainbat esparrutan. Horrek posible egingo luke udalei eta foru aldundiei dagozkien zerbitzuak era bateratu batean ematea —mataza desegiten hastea—, gaur egun indarrean dagoen araudia errespetatuz. Horrek eskatuko luke, ordea, oraindik eraiki ez den gizarte sistema komun hori eraiki nahi bada, erkidego mailako tresnak indartu eta bultzatzea, esaterako, gizarte zerbitzuen goi ikuskaritza berrindartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.