Koronabirusa

Txertoen eskuragarritasun «unibertsala» eskatu du Von der Leyenek

Txertoek «arrazoizko prezioak» izatea nahi du Europako Batzordeak. Sendagai ekoizpena dibertsifikatzearen alde dago Brusela

COVID-19aren aurkako txertoaren patenteen liberalizazioa eskatzeko protesta bat, Bruselan. CLARA LOPEZ GAMEZ / EFE.
Juanma Gallego.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Mundu osoko herrialdeek txertoak «arrazoizko prezioetan» erosteko aukera izan dezatela bermatu nahi du Europako Batasunak. Ideia hori jomugan, MME Munduko Merkataritza Erakundeari proposamen bat helarazi zion atzo Europako Batzordeak. Agirian, «jabetza intelektualaren alorrean» ere aurrerapausoak emateko eskatu zien MMEko gainerako kideei, txertoen gaineko patenteen inguruan merkataritza arauek ezartzen dituzten muga zurrunak arintze aldera.

Datorren uztailean hastekoa da MMEren kontseilu orokorra, eta eztabaida nagusietakoa txertoei buruzkoa izango da. Data hori buruan, Europako Batzordeak nazioarteko merkataritza arautzen duen erakundeari hainbat eskaera egin zizkion atzo.

«COVID-19aren kontrako txertoen eta sendagaien ekoizpena handitzeko eta horien eskuragarritasun unibertsal eta justua» errazteko eskaria jaso dute agirian. Txertoen alorrean Europan bertan egindako lana nabarmendu du Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, eta txertoen esportazioen gainean hartutako jokabidea eredutzat jarri du.

Gogorarazi du EBk baimena eman zuela Europan ekoitzitako txerto guztien erdiak esportatzeko. «Gure berehalako eta premiazko helburua da errenta txiki eta ertaineko herrialdeen bidezko eskuragarritasuna bermatzea, txertoak modu zabalagoan eta azkarragoan partekatzeko», argudiatu du. Alde horretatik, presidenteak ziurtatu du EBk «ekoizpena handitzen laguntzen» jarraituko duela. Hilaren 11n Londresen hastekoa den G-7 taldeko bilkuran helburu horiek lortzeko moduez mintzatuko dela aurreratu du Von der Leyenek.

Oraingo krisiaz harago, presidenteak esan du etor daitezkeen pandemietarako prestatzeko garaia dela. Besteak beste, ekoizpena dibertsifikatu beharraz hitz egingo du, baliabide horiek fabrikatzeko gaitasuna «herrialde gutxi batzuen esku» egon ez dadin. Modu berean, garabidean dauden herrialdeetan osasun azpiegituren «erresilientzia indartu» behar dela uste du Von der Leyenek.

Valdis Dombrovskis Merkataritza komisarioak bide beretik jo du: «Alde anitzeko erantzun komertzial irmoak bultzada handia eman diezaioke COVID-19aren aurkako borrokari». Ez du zehaztu, ordea, merkataritza alorreko erantzun horiek zertan gauzatuko diren.

Patenteak askatzeari dagokionez, ohiko zuhurtziaz mintzatu da Batzordea. Egindako proposamenean, ekoizleekin lan egitearen alde azaldu da, borondatezko akordioak erdieste aldera. Hauetan, patentea duen enpresa eta txertoa ekoitziko duena elkarlanean aritzen dira. Onartu dute pandemia garaian «zilegi» izan daitekeela derrigorrezko lizentzietara jotzea. Horietan, gobernuek merkatuan esku hartzen dute, eta, ordainduta ere, patentea duen enpresa behartzen dute informazioa askatzera.

Bestalde, EB «pozik» azaldu da hainbat enpresak hartutako konpromisoarekin. Pfizer, BioNTech, Johnson & Johnson eta Moderna enpresek konpromisoa hartu dute aurten 1.300 milioi dosi emateko errenta txikiko eta ertaineko herrialdeei. Errenta txikikoen kasuan irabazirik gabeko salmentak izango direla aurreratu dute; bigarren multzokoei, berriz, «merkeago» salduko dizkiete.

AstraZeneca, epaiaren zain

Baliteke aurki ebaztea txertoen harira Europako Batzordeak etxean bertan duen auzibide nagusia; izan ere, atzo epaiaren zain geratu zen AstraZeneca enpresaren kontra EBk jarritako salaketaren harira Bruselan egin den epaiketa azkarra. Europako Batzordeak eskatu dio enpresari ekaina amaitu baino lehen txertoaren 120 milioi dosi emateko. Enpresak dio 100 milioi baino ezin dituela ziurtatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.