Albistea entzun

'De Miguel auzikoek' hamar egun dituzte kartzelan sartzeko

Zigortuek hiru egun dituzte auzitegian erregu errekurtso bat aurkezteko. Jaurlaritzak Alfredo de Miguel eta Koldo Otxandiano kaleratu ditu
Alfredo de Miguel, artxiboko irudi batean.
Alfredo de Miguel, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko martxoak 17

Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun eman zion Arabako Probintzia Auzitegiari De Miguel auziko zigorren berri, eta hark 24 orduan argitaratu du epaia irmo egiten duen autoa. Espetxean aurkezteko hamar eguneko epea ezarri die EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleriari, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteria eta Ekintza Komunitariorako zuzendari ohi Xabier Sanchezi. Hala eta guztiz ere, ebazpena ez da irmoa, eta zigortuek hiru egun dituzte erregu errekurtso bat jartzeko. Autoak bestelako ondorio bat ere izan du: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak kaleratutzat jo ditu De Miguel eta Otxandiano.

Auzitegi Gorenak bost laguni ezarri zizkien espetxe zigorrak, baina Leioako Kultura zinegotzi ohi Iñaki San Juan (EAJ) ez da kartzelan sartuko. Haren kontrako kartzela zigorra eten egin dute auzitegiek. Gainerakoei dagokienez, De Migueli hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion —gehienez bederatzi urte beteko ditu—; Otxandianori, zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia —gehienez sei urte beteko ditu—; Sanchezi, zazpi urte eta hilabete bateko zigorra; eta Telleriari, sei urte eta hilabete batekoa. Kargu publikoak izateko inhabilitazioak eta zigor ekonomikoak ere ezarri dizkiete; De Migueli dagokionez, 43 urteko inhabilitazioa eta 500.000 eurotik gorako zigorra.

Laurei hamar eguneko epea ezarri die epaimahaiak auzitegiaren aurretik igaro eta espetxean aurkezteko. Halere, hiru egun dituzte erregu errekurtsoak aurkezteko, eta, Efe albiste agentziaren arabera, zenbait zigortuk helegiteak aurkezteko asmoa dute. Salbuespenezko arrazoiengatik espetxera ez joatea edo indultu bat lortzea lukete helburu, zigorraren aurkako helegiterik ezin baita jarri jada.

Urtarrilean, Auzitegi Gorenaren epaia iritsi ostean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen euren postuetatik kendu zituztela ABBko kide ohiak. De Miguel Hazi fundazio publikoan ari zen lanean, eta Otxandiano, Arabako parke teknologikoan; biak ere Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak dira. Halere, Tapiak adierazi izan du epaia irmoa egiteko autoa beharrezkoa zutela kaleratzeak «segurtasun juridiko osoarekin» exekutatzeko, eta gehitu du hura «lehenbailehen» iristea espero zutela. Hala, hura eskuetan, Tapiak azaldu du kaleratzeak «egitate bat» direla, eta gehitu du ez dutela «inolako» ordainik jasoko. Ez du arazotzat jo Otxandiano orain bajan egotea.

Prozesu luzea

Auziaren iraupena ere kritikatu du Tapiak, eta gehitu lehenbailehen ixtea dela garrantzitsuena: «Gure ustez, prozesu luzeegia izan da, baina, behin bukatuta, zigortuek badituzte euren exekuzio autoak; eta, hemendik aurrera, garrantzitsuena da kasua behin betiko ixtea ahalik eta modu onenean». Izan ere, 2009an abiatu zen prozesua, Ainhoa Alberdi abokatuak De Miguel salatu ostean. Orduan, Arabako Toki Administrazioko diputatua zen De Miguel, eta Alberdik azaldu zuen dirua eskatu ziola kontratu bat lortzearen truke. Ordutik, ia hamalau urte igaro dira.

Euskal Herriko ustelkeria kasu handienetakoa izan den honetan, Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuen epaitutako 26 lagunetatik 15 zigortzea. Helegiteen ostean —hamahiru lagunek aurkeztu zituzten—, afera Auzitegi Gorenera iritsi zen. Hark zigorrik handienak berretsi zituen urtarrilean, eta beste zenbait murriztu. Esaterako, De Miguel absolbitu zuen Zanbranako Udalean (Araba) ustez egindako trafiko-influentzia delitutik, eta Julian Sanchezen aurkako karguak bertan behera utzi zituen, haren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta.

Halere, epaiak frogatutzat jo zuen hiru akusatu nagusiak —De Miguel, Otxandiano eta Telleria— ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» eta udaletan eta EAEko administrazioan ardura postuetan zeuden hainbat pertsonarekin zuten «adiskidetasunaz» baliatu zirela obrak enpresa jakin batzuei adjudikatzeko, hainbat komisioren truke. Horretarako propio sortutako sozietateetan ezkutatzen zituzten komisio horiek, dirua zurituta. Hala, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea egotzi diete.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sarraskia gertatu zen lekua, Pasaian, artxiboko irudi batean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Susmoak, txosten baten argitara

Gotzon Hermosilla

EHUren Unesco katedraren txosten baten arabera, Pasaiako sarraskiaren auzian ez zen «ikerketa judizial eraginkorrik» egon. Txostena 2020ko martxokoa da, baina senideek orain izan dute haren berri: «Minduta gaude»
PSNren udaleko zerrendako lehen postuetan doazen hautagaiak, Elma Saiz zerrendaburua eta Maria Txibite idazkari nagusia. ©PSN

Iruñeko Udalean, PSN «UPNren eta EH Bilduren alternatiba» izango dela aldarrikatu du Saizek

Joxerra Senar

Publikoki bere hautagaitza eta haren taldea aurkeztu du alderdi sozialistak Iruñeko Lezkairu auzoan

EAJk iaz ospatutako Aberri Eguna, Bilboko Plaza Barrian ©Miguel Toña / EFE

EAJk 'Gure izaera. Gure aberria' lelopean ospatuko du Aberri Eguna

Berria

Apirilaren 9an Bilbon batuko dira. Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkulluk hartuko dute parte emanaldian.

'De Miguel auziko' epaiketaren saio bat, 2018an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Jaurlaritzak iragarri du 'De Miguel auziarekin' lotutako beste langile bat kargugabetuko duela

Olatz Silva Rodrigo

Zupiriak adierazi duenez, Alfonso Arriola bere karguan mantenduko dute, sententziak ez duelako kontrakorik ezarri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iosu Alberdi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.