Konstituzionalaren eta Madrilen erabakiaren zain dira Nafarroako biktimak

Iruñeko Gobernuak espero du Sanchezek kendu egingo duela polizia gehiegikerien Nafarroako legearen aurkako errekurtsoa ere

Nafarroako Gobernuak joan den otsailean Poliziaren indarkeriaren biktimei egindako omenaldia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hiru urte zain, eta oraindik albisterik ez. 2015ean, PPren gobernuak errekurtsoa jarri zuen Konstituzionalean eskuin muturreko taldeek eta segurtasun indarrek eragindako indarkeriaren biktimen legearen kontra. Helegitea onartu ondotik, legearen artikulu nagusiak indargabetzea erabaki zuen auzitegiak. Hiru urte iragan dira, eta, oraindik ere, Auzitegi Konstituzionalak ez du ebazpenik kaleratu. Espainiako Gobernuan izandako aldaketak itxaropen izpi bat ireki du. Azken batean, Pedro Sanchez presidenteak iragarri du EAEko biktimen legearen aurka PPren gobernuak jarritako errekurtsoa atzera botako duela. Hartara, Madrilek erabaki bera hartu zain daude polizia indarkeriaren biktimak, eta, zeharka, Konstituzionalari begira ere bai.

Legea eztabaidatzeko bidean, euren lekukotza eman zuten hainbat biktimen senideek parlamentuan: hala nola Mikel Zabalza, German Rodriguez, Mikel Arregi, Jose Luis Cano, Gladys del Estal eta Angel Berruetarek. Lehen aldia zen Nafarroako erakunde ofizial batean hori egiten zutela. Hauteskundeak ate joka zirela eta parlamentua itxi aurretik,legea onartu egin zen. Ezkerrak, Bilduk, Aralar NaBaik, PSNk eta Geroa Baik onartu zuten legea; UPN eta PP kontra agertu ziren. Osoko bilkura hartan, PPk iragarri zuen errekurtsoa jarriko zuela.

Legeak egiaren batzorde bat osatzeko aukera aipatzen zuen, eta, hori «justizia paralelo» bat zela argudiatuta, PPk Konstituzionalera jo zuen. Aurretik beste lege batzuekin egin bezala, legearen artikulu nagusiak indargabetu zituen auzitegiak: adibidez, kasu horien ikerketan sakontzeko aukera debekatu zuen. Hartara, behin betiko epai hori iritsi zain, legearen eduki nagusia kamustu zuen Konstituzionalak.

Erabakiak gobernuaren jarduna baldintzatu du, eta erakundeek biktima guztiak modu berean aitortzea zaildu. Iazko otsailean, kasurako, gobernuak polizia indarkeriaren biktimak aitortzea baimendu zuen, baina omenaldi hartan, ezin izan zuen izenik aipatu eta erreferentzia zehatzik egin. Poliziaren sindikatu batzuk eta Dignidad y Justicia elkarteek ekitaldia debekatzeko eskatu zuten. Era berean, iaz, polizia indarkeriaren biktimei buruzko laguntza deialdi bat ireki zuen, eta horren aurka oso kritika gogorrak egin zituzten PPk eta UPNk.

Dena den, Nafarroako Gobernuak begi onez hartu du Pedro Sanchezen erabakia. Asteon, Espainiako gobernuburuak iragarri du Auzitegi Konstituzionaletik kenduko duela polizia gehiegikerien EAEko legearen kontra Rajoyrenak jarritako salaketa. Hori ikusita, Nafarroako gobernuak espero du bertako legearekin gauza bera egitea, eta horretarako lehen hartu-emanak egon dira.

«Argi-ilunak» kudeaketan

Egunotan, gobernuko kontseilari bakoitza bere esparruari buruzko balorazioa egiten ari da, eta asteartean, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak balorazio «positiboa» egin zuen. Bake eta elkarbitziaren arloan, memoria historikoaren atalean egindakoa nabarmendu zuen. Haatik, asteazkenean, EH Bilduko Adolfo Araizek adierazi zuen ez zuela interpretazio hain baikorrik egiten. «Argi-ilunak egon dira». Araizen ustez, alderdi batzuk presio egiten dute polizia indarkeriaren biktimak aitortzearen aurka. «Ematen du batzuek ez dutela nahi horiek biktima gisa onartzea». Hala ere, ikuspegi inklusiboa exijitu dio Ollori, biktima guztiak aintzat har daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.