Aldanondok dio arriskuan dagoela, ez duelako jaso aseguruaren dirua

Aguraingo lantegia erre eta urtebetera, enpresak berreraikitze lanak eten ditu, aseguru etxeak ez baitio ordaindu kalte-ordainaren zatirik

Aldanondo gaztandegia, erabat kiskalita, sutea gertatu eta egun gutxira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Aldanondo gazta fabrikak duela urtebete hartu zuen su, Agurainen (Araba). Enpresak dio sutea istripu bat izan zela, eta Ertzaintzaren ikerketek ez dute kontrakoa esan, baina aseguru konpainiak, Generalik, blokeatuta du kalte-ordaina. Atzeratze horrek enpresa bera arriskuan jarri duela ohartarazi zuen atzo Hector Hernandez Aldanondo Corporacion Alimentariako zuzendariak.

Elikagai enpresak agindu zuen urtebetean berriro eraikiko zuela lantegia, eta lanean izango zirela han jarduten zuten 50 langileek. Urtarrilean ekin zieten berreraikitze lanei. Suak txikitatutakoa kendu zuten, baina martxoan lanak geratu zituzten, ez zelako iristen aseguruaren dirua.

Hernandezek atzo Agurainen azaldutakoaren arabera, Aldanondok 46 milioi euroren ondasunak babestuta zituen aseguruaren bitartez, eta horietatik hamar milioi aurreratzeko eskatu zioten Generaliri, 2018ko urrian. Ez dute euro bakar bat jaso. «Aseguru etxeak dio sutea nahita piztutakoa izan zela, baina susmoak bakarrik dituzte». Epaitegian dago auzia, eta orain arteko ebazpen guztiak Aldanondoren aldekoak dira, sutea istripua izan zela babestu baitute. Arabako Lurralde Auzitegiak ekainean bota zuen atzera Generaliren azken helegitea. Aldanondok iragarri du dirua orain jasoko ez balu, administrazio auzitegietara joko lukeela. Horrek gehiago atzeratuko luke lantegiaren berreraikitzea, eta handitu, berriz, Aldanondoren estutasunak. Hernandezen arabera, galerak pilatzen ari dira, dirutan ez ezik baita irudian ere, eta egoera «jasanezina» da. «Gero eta konplikatuagoa da gaztandegiaren etorkizuna». Orain, Aldanondo beste enpresa batean egiten ari da Agurainen egin ezin dituen gaztak.

Erregulazioa, luzatzear

Langileen egoera ere ez da ona. 50 langileetatik, batzuk beste bulego batzuetan kokatu dituzte; behin-behineko kontratua zuten beste batzuk kalean geratu dira; eta hamasei behargin erregulazioan daude, kontratuak etenda. Konponbiderik ezean, enpresak erregulazioa luzatuko die urrian.

2018ko abuztuaren 13ko gauean piztu zen sua Aldanondoren plantan, akats elektriko bat gertatu baitzen bateriak kargatzen ari zen makina garbitzaile batean. Lantegia hutsik zegoen, eta ez zen inor zauritu, baina txikizioa ia erabatekoa izan zen. Izan ere, gazta egiteko moldeak eta gazta biltzeko plastiko eta kartoiak gordetzen zituzten gunean hasi zen sua, eta, ondorioz, oso azkar zabaldu zen; bi milioi gazta ere kiskali ziren.

Aldanondo Idiazabalgo gaztaren sor-markako ekoizlerik handiena da, Aitzgorri eta Lana markekin batera. Erronkari gazta ere egiten du —Poliki eta Onkizu markak—, baita beste jatorri izen batzuetako edo halakorik gabeko beste gazta batzuk ere.

Aldanondo familiak sortutako enpresa bat da Quesos Aldanondo, baina gaur egun konpainiaren laurden bat baizik ez du. Estuasun ekonomiko handien ondoren, 2016an familiak Saiona kooperatiba nafarrari saldu zion enpresaren %75. Saionak beste gazta fabrika bat ireki berri du Olvegan (Soria, Espainia), eta hura hornitzeko 20.000 behiko etxalde handi bat sustatzen ari da handik gertu, Noviercas herrian. Joan den astean jakin zenez, Dueroko Ur Konfederazioak lurrazpiko urak erabiltzeko baimena ukatu dio proiektu horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.