Bakegileek deitu dute bihar Baionan euskal presoen etxeratzearen alde batzera

Manifestazioa eginen dute. Frantziako Gobernuaren blokeoa salatuko dute; abiapuntua izanen du egitera doazen desobedientzia dinamikak

Urte guztian mobilizazio andana egin dute Orain presoak lelopean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Osasun krisiak baldintzatuta eginen dute, aurten ere, euskal presoen etxeratzearen aldeko manifestazioa Baionan. Denbora eskasten hasia zaigu. Jon, Jakes eta Unai gurekin! lelopean, euskal presoen gaiari buruz Frantziako Gobernuarekin duten blokeoa salatuko dute, eta desobedientzia fase bati ekinen diote. Ondoko hilabeteetan ekintza «indartsuak, ausartak, kolektiboak eta parte hartzaileak» eginen dituztela iragarria dute, eta larunbatean eman nahi diote hasiera dinamika berri horri. Eragile batek baino gehiagok eman dio babesa aurtengo mobilizazioari, horien artean dira ELB, FSU, eta LAB sindikatuak, Bizi, EH Bai eta Europa Ekologia-Berdeak alderdiak eta Giza Eskubideen Defentsarako Ipar Euskal Herriko Batzordea.

32. urtea beteko dute aurten presondegian Unai eta Jon Parot anaiek eta Jakes Esnalek. Azken biak Frantziako presondegietan daude preso, eta baldintzapean aske irtetea lortzeko aukera dute aspalditik; baina, behin baino gehiagotan ukatu diete. Azken urteetan, terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak oztopatu du, behin eta berriz, haien askatzea, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean egin izan diren urratsak ukatuta.

«Frantziar botere politikoak eta botere judizialak ez duteinongo jarrera aldaketarik erakutsi. Ez zaie inongo konponbiderik atzeman preso eta iheslariek aurre egin behar dieten arazoei. Ez dugu inongo borondaterik ikusten presoen egoerari aterabiderik atzemateko», salatu zuen, abenduan, Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak. Frantziako Justizia Ministerioarekin abiatutako elkarrizketa kanalak irekia segitzen badu ere, egoera aitzinarazteko «borondate falta» salatu dute maiz Bakegileek.

Abiapuntu izateko asmoz

Horregatik, larunbateko mobilizazioa abiapuntu berri bat izatea nahiko lukete. Harrabotsa egiteko tresnekin etortzera deitu dituzte herritarrak, «Parisen entzun gaitzaten». Hiru zutabetan abiatuko da manifestazioa, Baionako hiru lekutatik: Euskaldunen plazatik, Lauga gelatik eta Reduit plazatik, eta Ipar Euskal Herriko eskualdeen arabera, herritarrak batera edo bestera deitu dituzte. Eragileetako ordezkariak eta hautetsiak Reduit plazan elkartuko dira. Baionako karriketan zehar ibili ondotik, San Andres plazan eginen dute ekitaldia. Bertan iragarriko dute ondoko hilabeteetan garatu gogo duten desobedientzia dinamika, eta parte hartu nahi duten herritarrei izena emateko aukera eskainiko diete.

Atzo goizean egin zuten agerraldian, laguntzaile gisa izena ematera ere deitu zituzten herritarrak. Osasun krisialdi egoeraren ondorioz, parte hartzea bertan behera utzi du batek baino gehiagok, eta azken orduko deialdia egitea erabaki dute. Halaber, manifestazioan berean babes neurriak errespetatzeko galdetu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.