Ama larri zauritu eta haren bikotekidea hil du gizon batek Galdakaon

Andreak Osakidetzako larrialdi zerbitzuetara deitu du semearen erasoaren berri emateko, eta etxean atxilotu dute erasotzailea; 33 urte ditu

Atxilotutako gizona, atzo, Galdakaoko Aperribai auzoan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ama larri zauritu eta haren bikotekidea hil du gizon batek Galdakaon (Bizkaia). Ertzaintzak jakinarazi duenez, Aperribai auzoko etxe batean izan zen erasoa, atzo goizaldean. 04:00ak aldera jaso zuten abisua poliziek. Andreak berak dei egin zuen Osakidetzako larrialdi zerbitzuetara, esanez semeak gizona hil egin zuela eta bera zaurituta zegoela; etxera joan ziren ertzainak eta medikuak, eta baieztatu zuten egia zela emakumeak emandako informazioa. Han zegoen erasotzailea ere: 33 urte ditu.

Lurrean hilda aurkitu zuten hark hildako gizona; labankada sakonak zituen gorputzean. 51 urte zituen. Atxilotuaren amak 61 ditu. Poliziak eta anbulantziako kideak iritsi zirenean, andrea larri zaurituta zegoen: zango batean hemorragia handi bat zuen, aizto batekin eragindakoa. Lekuan bertan eman zizkioten lehen artak eta egin zioten tornikete bat, odolustu ez zedin. Handik Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman zuten, eta ebakuntza labur bat egin zioten. Hiltzeko arriskurik ez du: egonkor dago, baina diagnostiko erreserbatua du, erietxeko komunikazio zerbitzuek komunikabideei jakinarazi dietenez.

Auzokideak

Ertzainak erasoa jazo zen lekura joan zirenean, han bertan zegoen semea, eta atxilotu egin zuten, giza hilketa leporatuta. 33 urteko gizon bat da erasotzailea, eta amarekin bizi da etxebizitza berean, bizilagunek berri agentziei azaldu dietenez. Andrea duela 40 urte bizi da han. Hildako gizona ere auzo horretakoa zen, eta biek duela urte batzuk hasi zuten bikote harremana.

Atxilotua polizia etxera eraman zuten aurrena, deklarazioa hartzeko, eta, gero, erasoa jazo zen lekura itzuli zuten. 10:00etan sartu ziren etxera, eta ordu erdi geroago irten ziren. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, miaketetan, besteak beste, luzera handiko labana bat atzeman zuten, odol arrastoekin; poliziek uste dute atxilotuak horrekin egin ziela eraso bi biktimei. Argi dute pertsona hori dela erasoaren egilea, baina ez dute informazio gehiago zabaldu nahi izan; adierazi dute kasua ikerketapean dutela, hilketaren inguruabarrak argitzeko lanetan ari direla. Edizio hau ixteko orduan, atxilotuak ertzain etxean jarraitzen zuen, epailearen aurretik noiz pasatuko zain.

Udalaren babesa

Hedabideetara bidalitako ohar baten bidez, Galdakaoko Udalak hilketa salatu du, eta doluminak adierazi dizkie erasoa jasan duten gizonaren eta emakumearen senideei eta gertukoei. Zauritutako andrea ahal bezain azkar osatzea espero duela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.