Bizkaiko golkoan nahikoa antxoa badagoela esan du AZTIren ikerketak

190.000 tonako biomasa kalkulatu du, kopuru handienetan bigarrena, iazkoaren ondotik. Hegaluze kuotaren %60 agortu dute arrantzaleek

Iker Aranburu -

2019ko abuztuak 7
Antxoak ez luke kezka iturri izan beharko da datorren urtean Euskal Herriko arrantzaleentzat. AZTIren Bioman ikerketak kalkulatu du 190.000 tona antxoa heldu daudela Bizkaiko golkoan, nahikoa eta sobra arrantzaleek oraingo kuotari eusteko edo zerbait handitzeko. Kostera bermatzeko gutxieneko biomasa 21.000 tonakoa da, eta, udazkenean egiten diren azterketek oraingo kopurua edo antzekoa berretsiz gero, 2020ko martxoaren 1etik aurrera antxoatara joan ahal izango dira arrantzaleak.

1987. urtean hasi ziren AZTIko zientzialariak espeziaren biomasa neurtzen, eta aurtengoa erregistratutako kantitate handienetan bigarrena da, iazkoaren ondoren —225.000 tona izan ziren 2018. urtean—. Dela neurketa sistemak hobetu direlako, dela orain askoz antxoa gehiago dagoelako, baina azken urteak izan dira oparoenak: biomasa gehieneko sei urteak azken hamarretan neurtu dituzte.

Kopuru horretan zeresana izango du 2005etik 2009ra debekatuta egon izanak antxoaren harrapaketa Bizkaiko golkoan; azterketek esaten baitzuten oso kopuru txikian zegoela. Bost urteko eten hori funtsezkoa izan zen espeziearen etorkizunerako.

Maria Santos AZTIren Bioman kanpainako arduradunak azaldu duenez, bi gauza hartzen dituzte kontuan antxoa helduen biomasa kalkulatzeko: planktonean aurkitzen duten arrautza kopurua eta batez besteko ugalkortasun maila. «Plankton laginetan antxoek errundako arrautzak biltzen ditugu, eta antxoa helduetan ugalkortasun maila neurtzen dugu, batezbestekoa kalkulatzeko; hau da, eme bakoitzak sortzen duen arrautza kopurua».

AZTIren udaberriko kanpainaren datuak behin-behineko emaitzak dira. Emaitza osoak azaroan izango ditu eskura. Izan ere, antxoa helduen datuak antxoa gazteen biomasarekin uztartu behar izaten ditu. Azterketa hori, Juvena izenekoa, udazkenean egin ohi dute. Horrez gain, antxoaren iraupenari eragiten dioten ingurugiro baldintzak hartzen ditu aintzat Europako Batasunak arrantza kuotak erabakitzeko.

2019ko udaberriko kostera ekainaren hasieran amaitu zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Bi herrialdeetako portuetan 11.505 tona antxoa lehorreratu zituzten 180 euskal itsasontziek eta kanpokoek, eta kiloa batez beste 1,30 euroan saldu zuten. Kuotaren %15 udazkenerako uzten dute.

Hegaluzearen kostera

Antxoa espezie garrantzitsua da arrantzaleentzat, haien diru sarreren %30-40 etor daitezkeelako haren salmentarekin. Beste diru iturri nagusia hegaluzea da. Ekainean hasi ziren tunido horren arrantzan, eta martxa onean doa: 36.000 tona hegaluzeko kuota dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, eta kofradiek jakinarazi dute dagoeneko arrantzatu dutela horren %60tik gora. Arraina nahiko gertu arrantzatu ahal izan dute, eta prezioak iazkoak baino pixka bat merkeagoak izan dira. Arrantzaleek espero dute, hurrengo egunotan asko harrapatuz gero, aurten ere kuota goiz bukatuko dela. Iaz abuztuaren 23rako agortu zuten, ohikoa baino ia bi hilabete lehenago, kuota osoa guztiz amaitu zutelako. Arrantzale batzuk kexatu egin ziren, itsasoan hegaluze asko zegoelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna