Albistea entzun

«Oso latza» da oraindik

Duela berrogei urte hil zen Joxe Arregi zizurkildarra, Espainiako Poliziak eragindako torturen ondorioz. Torturatu zuten poliziak indultatu eta saritu egin zituzten, eta familiak ez du oraindik aitortzarik jaso. Hura oroitzeko ekitaldiak eginen dituzte larunbatean.

Joxe Arregiren gorpua, hil eta egun gutira.
Joxe Arregiren gorpua, hil eta egun gutira. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko otsailak 11

Nolako tortura motak sufriarazi zizkioten galdetu genion, eta oso makal erantzun zuen: 'Oso latza izan da'». Halaxe idatzi zuten Iñaki Agirre Errazkin ETApm-ko kideak, Xose Lois Fernandez Gonzalez GRAPOkoak eta Lois Alonso Riveiro PCEko militanteak Joxe Arregiren heriotza jakinarazi eta haren azken orduen berri emateko Carabanchelgo kartzela-ospitaletik bidalitako gutunean. 1981eko otsailaren 4an atxilotu zuen Espainiako Poliziak Joxe Arregi zizurkildarra, Madrilen, eta bederatzi egunez eduki zuten inkomunikatuta, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian, torturapean. Otsailaren 12an eraman zuten Carabanchelera, hagitz egoera larrian: «Fisikoki zanpatua», ziegakideek bidalitako gutunaren arabera. Haren azal kolpez betea eta errea ere deskribatu zuten, gizonaren arnasestua, eta Arregik berak kontaturiko sufrikarioa. Artean ez ziren zabalduak egun gutira lau haizeetara hedatuko ziren gorputz torturatuaren irudiak, baina kideek jasotako hitzek ematen zuten gertatuaren tamaina: «'Barra batetik zintzilikatu ninduten hainbat aldiz, oinetan kolpeak emanez eta ez dakit zerekin errez; nire bularraren gainean saltoka ibili ziren; borra kolpeak, ukabilkadak eta ostikoak leku guztietan ematen zizkidaten'». Arregiren azkenetariko solasak izan ziren.

Bideoa: Joxe Arregiren gorpuari ateratako argazkiez BERRIAk 2009an argitaratu zuen erreportajearen bideoa (jarraitu irakurtzen, bideoaren ondoren):

Otsailaren 13an zendu zen; autopsiak azalduko zuenez, bronkopneumoniak jota. Espetxeko erietxean diagnostikatua zioten eritasuna, eta Carabanchelgo medikuak galdegin zuen kanpoko ospitale batera eraman zezatela Arregi. Lekuz aldatu behar zuten une horretan bertan hil zen.

Ordutik egun seinalatua da Euskal Herrian otsailaren 13a, Arregiren omenez Torturaren Aurkako Eguna antolatzen baita; eta, aurtengoa haren heriotzaren 40. urteurrena izanik, ekitaldiak eginen dituzte larunbatean Zizurkilen eta Bilbon, Egiari Zor fundazioak antolatuta. Zizurkilgoa 12:00etan hasiko da, Arregiren beraren izena duen plazan, eta Bilbokoa 12:30ean eginen dute, Bizkaia Aretoan: Alfonso Sastreren Zutoin Beltza obraren irakurketa dramatizatua estreinatuko dute.

Absolbituak eta sarituak

Berrogei urte bete dira Arregiren torturaren ondoriozko heriotzatik, baina erakunde politikoek ez dute gaurdaino gertaturikoa aitortu. Ikerketak ere urriak izan ziren garai hartan: autopsiak, erraterako, adierazi zuen ez zegoela jakiterik Arregiren gorputzeko markak eta bronkopneumonia atxilotu baino lehen edo ondotik sorturikoak ote ziren. Santi Brouard medikuaren hitzetan, alta, biriketako gaitza azaltzeko «modu bakarra» bainuontziaren torturak eragin izana zen.

Madrilgo Probintzia Auzitegiak Arregirekin egon ziren 73 polizietatik bortzi soilik hartu zien deklarazioa, eta horietako bi baino ez zituen auzipetu, «tratu txarrak» egotzita: Julian Marin Rios eta Juan Antonio Gil Rubiales. Auzitegiak bitan absolbitu zituen. 1989ko urrian Gorenak zigortu egin zituen bi poliziak, azkenean, baina ez luzerako: lau eta hiru hilabeteko atxiloaldiak eta hiru eta bi urteko lan etenaldiak ezarri zizkien. Felipe Gonzalezen gobernuak indultatu egin zituen gero, eta mailaz igo zituzten, baita hasieran auzipeturiko bertze hiru poliziak ere. Gainerako 68 agenteen izenik ez zuten zabaldu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Irati Gurasoekin Euskal Herrira taldearen ekitaldi bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hiru urte beteta atera dute Irati Aranjuezko espetxetik, gurasoak barruan utzita

Irati Urdalleta Lete

Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera. Euskal Herriko kartzeletan ere amak umeekin egon ahal izatea eskatu dute
Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak antolatutako ekitaldi bat, Bilbon ©aritz loa / foku

Irati kartzelatik atera dute, gurasoak barruan utzita

Irati Urdalleta Lete

Euskal presoen alaba hiru urte bete ostean atera da Aranjuezko kartzelatik. Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera.

 ©JON URBE / FOKU

«Alderdi denek ikertzeko eskatu dute, eta orain ezin da beste aldera begiratu»

Joxerra Senar

Alberto Perote eta Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketaren berri aurretik bazuen Idoia Zabalzak, baina entzutea diferentea dela azaldu du: «Gogorra da entzutea zer-nolako naturaltasunez mintzo diren».
Torturaren kontrako manifestazioaren burua Espainiako polizien aurretik igarotzen, atzo, Iruñean, Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako protestan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Tortura aitortzeko garaia da»

Iker Tubia

Nafarroan mila lagun torturatu dituztela salatu, eta haientzat aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea eskatu dute ehunka lagunek Iruñean. Ikerketa ofizial bat egiteko galdegin diote erakundeei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna