LABek ohartarazi du lan gatazkek gora egingo dutela uda amaitzean

Beste eragileen borroketara batzeko asmoa dauka sindikatuak. 133 lan gatazketan parte hartu zuen, iaz, grebak eginez gehienetan

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu, atzo, LABen ekintza sindikaleko txostena aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
LABek konfrontazioa indartzera doala argi utzi zuen, atzo. «Udazkenean mobilizazio sozial eta sindikal handia egongo da», ohartarazi zuen Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak. Enpresetan ikusten ari direna kontuan hartuta, borroka sindikalen berrindartzea ez da une jakin bateko kausa bat, «joera bat bihurtu baita». Amaitu berri den ikasturteko datuetan ikus daiteke joera hori, gainera: sindikatuak 133 borroketan parte hartu du, aurreko ikasturtean baino hamahiru gehiagotan, eta lan gatazka horietako hiru herenetan lanuzte eta grebak egin dituzte.

Gatazken igoera horrek lan baldintzetan eragina izan duela azpimarratu zuen sindikatu abertzaleak. %19 egin zuten gora lan arloko gatazkek, eta egindako lan itunen kopurua %14 handitu zen. Bi aldagaien arteko lotura egin zuen Aranburuk: «Zenbaki horiek erakusten dute gatazkak dauden eremuetan lan baldintza hobeak lortzen direla». Horregatik, estrategia horri eutsi, eta borrokarako beharra aldarrikatu zuen LABek, ekintza sindikaleko txostena plazaratzean.

Lan gatazka horiek bultzatzeko, sindikatuak aliantzak sustatuko dituela aurreratu zuen idazkari nagusiak. ELArekiko harremanak oraindik ez dira era horretako batasun baterako egokienak, nahiz eta jakitun diren aliantza horrek indar handiagoa emango liekeela. Aliantza horretarako baldintza egokirik ezean, bestelako eragileekin ere elkarlanean aritzeko asmoa azaldu zuen Garbiñe Aranburuk. «Borrokak ez dira bakanak; prekaritate egoera bati erantzuten diote, eta sistema honi alternatiba bat eman behar bazaio, urrats berriak egin behar dira». Gainerako eragile sozial eta sindikalekin elkarlana sustatzen saiatuko dira hori dela eta.

Eragile sozialekin batera

Amaitu berri den ikasturteak aurrekoarekin parekotasun bat eduki du: mobilizazio sozialek indarra hartzen jarraitu dutela. Besteak beste, hor daude borroka feministak eta pentsiodunen astelehenetako manifestazioak. Pentsiodunek esan dute irailetik aurrera mobilizazioak areagotuko dituztela, eta azaroaren 14an lau orduko lanuztea egitea proposatuko diete sindikatuei. LABeko buruak onartu zuen mugimenduko kideekin hitz egiten ari direla deialdi horrekin bat egiteko.

Sindikatuak ez du baieztatu parte hartuko duen ala ez mobilizazio horretan, baina esan zuen pentsio duinen alde lan egiteko bide gehiago daudela. «Pentsio duinen aldeko borroka ez da ordain hori jasotzen dutenen borroka bakarrik; lan baldintza prekarioak dituzten langileek etorkizunean pentsio prekarioak jasoko baitituzte». Pentsiodunen borrokak lantegietan jarraipena eduki beharko lukeela uste du Aranburuk.

Pentsiodunekin, mugimendu feministarekin edota gazte zein etorkinekin borroka bateratuak egin nahi ditu sindikatuak, «mobilizazio orokorragoak» nahi dituelako. «Deialdi orokorragoek lagunduko dute lantokietako borrokak sustatzen eta sistema justuago bat sortzen». Beste kolektiboekin partekatzen dituzten aldarrikapenak ere defendatuko ditu LABek, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.