Txinak bere dirua debaluatu du Trumpi aurre egiteko

Txinako banku zentralak balioa galtzen utzi dio yuanari, eta, 2008ko maiatzetik lehen aldiz, dolar batek zazpi yuanen muga gainditu du

Yuan billeteak, artxiboko irudi batean. ROMAN PILIPEYA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Txinako Gobernuak ez du itxaron Donald Trumpi erakusteko ez dela kikilduko. AEBetako presidenteak Txinako produktu guzti-guztiei muga zergak jarriko zizkiela iragarri eta egun gutxira atera du Trumpi erantzuteko arma: dibisaren debaluazioa. Yuan edo renminbi diruaren balioa jaistea baimendu du, hartara konpentsatzeko AEBetan saltzeagatik ordaindu beharko dituzten tarifak.

Hona hemen neurriaren zenbait arrazoi eta ondorio:

ZER GERTATU DA?

Atzo goizean, merkatuak irekitzean, dolarrak zazpi yuanen muga gainditu zuen, lehen aldiz da 2008. urteko maiatzetik. Arratsaldean, dolar bakoitzarekin 7,05 yuan erosi zitezkeen. Burtsek astindu handia jaso zuten, batez ere AEBetan.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?

Badirudielako Pekin prest dagoela bere diruaren balioa arma gisa erabiltzeko. Izan ere, esanguratsua da zazpi yuanen kopurua, azken urteetan Txinako banku zentralak yuanari jarritako gutxieneko balioa baitzen. Kopuru horretara gerturatzen zen bakoitzean, Txinako Bankuak bere dibisa erreserbaren zati bat saltzen zuen, hartara yuanak balioa berreskura zezan. Joan den ostiralaz geroztik, ordea, ez du ezer egin, eta Txinako dirua balioa galtzen hasi zen.

NOLA ERANTZUN DU DONALD TRUMPEK?

Ohi bezala, haserre eta txio baten bidez. Txinari dibisa manipulatzea egotzi zion, eta, bide batez, ziztada bat eman zion bere banku zentralari, interes tasak gehiago jaitsi eta dolarraren ahultzea eragin dezan: «Erreserba Federala, ikusi duzu?». Pekinek, ohi bezala, ukatu egin zuen yuana debaluatzen ari dela, eta «merkatuaren indarrei» egotzi zien erorketa. «Txinak ez du renminbia erabiliko kanpotik datozen zurrunbiloei aurre egiteko», esan zuen arratsaldean Yi Gang Txinako Bankuko gobernadoreak. «Txinak herrialde arduratsu baten gisa jokatzen du, eta, G20ko liderrek erabakitakoaren eskutik, merkatuek finkatutako truke tasarekin bat egiten du». Adierazpen horri sinesgarritasun txikia ematen diote finantza merkatuetan adituak direnek. Esanguratsua da merkataritza gerra hasi zenetik renminbiak gora egin duela AEBekiko tratua gertuago zegoela zirudienean (keinu gisa), eta behera, berriz, gatazka handitu denean. «Zazpiko muga gainditzeak erakusten du merkataritza akordio baterako itxaropena galdu dutela», azaldu du Julian Evans-Pritchardek, Capital Economics azterketa bulegoko analistak, Efe agentziak jaso duenez.

ZERGATIK EGIN DU PEKINEK?

Lehenik, Trumpi erakusteko berak ere badituela arma boteretsuak merkataritza gerra bat egiteko. Halako gatazketan elkarren inportazioak zergapetzea izan ohi da modurik zuzenena, baina Txinak muga garrantzitsu bat du hor: AEBetan saltzen duena (530.000 milioi dolar, iaz) baino askoz gutxiago inportatzen duela (120.000 milioi). Hau da, tarifen bitartez ezin dio Washingtoni kalte handirik eragin.

Bigarren arrazoia praktikoagoa da: debaluazioak automatikoki merkatu egiten ditu Txinaren esportazioak, eta horrela konpentsa ditzakete AEBetan pagatu beharreko muga zergak.

ZERGATIK EZ DU AURRETIK EGIN?

Debaluazioek arriskuak ere badituztelako. Batetik, beste herrialdeetako produktuen inportazioak garestitzen ditu, eta hori kostu handia da petrolioa eta lehengai asko kanpotik ekartzen dituen herrialde batentzat. Bestetik, aldaketak ekar ditzake kapitalaren fluxuetan, eta horrek nazioarteko finantza sistema astindu. Aurreko debaluazioak, 2015ekoak, Txinatik kapital asko alde egitea ekarri zuen, eta arazoak sortu zizkion Pekini. Ihesari alde egiteko, kapital kontrolak jarri zituen indarrean, eta indarrean daude. Gainera, debaluazioak arriskuan dira dolarretan edo beste dibisetan zorpetu diren Txinako enpresentzat.

ZER GERTA DAITEKE ORAIN?

Adituek espero dute Txinak yuanaren debaluazioarekin jarraitzea, baina poliki, hartara ez izua pizteko merkatuetan, eta diru ihesa saihesteko. Txinak dolarreko 7,3 yuan espero ditu 2019 amaierarako. Gerta liteke Txinarekin lehian dauden Asiako beste herrialde batzuek ere debaluazioak sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.