Koronabirusa munduan

Izurriaren erdian, zikloi batek Bangladeshi eta Indiari erasan die

Hiru milioi lagunetik gora ebakuatu dituzte, birusa ez hedatzeko neurriak hartuta. Gutxienez hamahiru pertsona hil dira

Zikloia iritsi aurreko haize zakarra, atzo, Indian. STR / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Lehen aldia da bi hondamendiri batera aurre egin behar diogula: zikloi bat COVID-19aren garaian», ohartarazi zuen herenegunSatya Narayan Pradhan Indiako NFDR Hondamendiei Erantzuteko Indar Nazionala erakundeko zuzendariak. Izan ere, Indiak eta Bangladeshek atzoko aurreikusten zuten Amphan izeneko zikloia iristea, eta espero bezala heldu eta jo zituen bi estatuak. Jakinarazi zutenez, azken 20 urteetan eskualdean izandako zikloirik indartsuena da.

Azken informazioen arabera, Indiangutxienez hamar hildako eragin ditu zikloiak, eta beste hiru Bangladeshen. Horrez gain, bi estatuetan hainbat azpiegitura hondatu ditu. Mamata Banerjee Bengalako gobernuko buruzagiak onartu zuen hainbat barruti «guztiz suntsituta» geratu zirela.

Hain zuzen, atzo eguerdian iritsi zen Amphan India ekialdeko kostaldera, orduko 185 kilometroko haize boladekin batera. Hortik, Bangladeshko kostaldera aurrera egin zuen. Zikloiak Kalkuta aldera joko duela uste dute, orduko 120 kilometroko haizeekin, eta indarra galtzen joatea barrualdera doan heinean. Meteorologoek«oso larritzat»izendatu dute Amphan-en arriskua.

Alabaina, asteartean, mehatxuak lurra jo aurretik, bi herrialdeetan biztanleak ebakuatzeko lanetan hasi ziren; kezka erantsi batekin, ordea. Osasun krisiak eragin duen ezohiko egoerak prozesua zaildu eta modua moldatu beharra ekarri du, birusa ez kutsatzeko neurriak errespeta daitezen. Gainera, zikloiak eragingo dituen kalteak ataka estuan utz ditzake herrialdeak, eta izurriaren aurrean are zaurgarriago bilakatu biztanleria.

Egoera horretan, pandemia aintzat hartu behar izan dute ebakuazioak antolatzeko, eta, beraz, birusa ez hedatzeko prebentzio neurriak hartu dituzte. Hala, Bengalako erreskate taldeek jakinarazi zuten maskarak eta eskuak desinfektatzeko produktuak banatu zituztela. Hala ere, aitortu zutenez, prozesuan «kontzesio batzuk» egin behar izan zituzten, egoera horretan urruntze fisikoko neurriak guztiz betetzea ezinezkoa zela argudiatuta.

Bangladeshek, berriz, aterpe kopurua bikoiztu zuen jendea ez pilatzeko, eta oinarrizko osasun azterketak egin zituen horien sarreran. Horrez gain, Indian bezala, kideei maskarak banatu zizkieten.

Agintarien arabera, denera hiru milioi herritar baino gehiago ebakuatu zituzten. NDRFko buruak argitu zuenez, India ekialdean dauden Bengala eta Odisha estatuetan «ia 658.000 pertsona atera dituzte etxetik». Bestalde, Ahmadul Haquek, Bangladeshko Zikloien aurrean Prestatzeko Programaren administrazio zuzendariak, esan zuen herrialde horretako kostaldeko 19 barrutitan bizi diren 2,4 milioi pertsona inguru ebakuatu zituztela, eta horiek «14.636 babeslekutara» eraman.

Iheslarien eremua arriskuan

Dagoeneko 100.000 koronabirus kasutik gora atzeman dituzte Indian, eta joan den igandean maiatzaren 31 arte luzatu zuten konfinamendua. Positiboek goraka jarraitzen badute ere, itxialdiaren leuntze prozesuan daude, eta pixkanaka ari dira neurriak arindu eta jarduerak baimentzen. Astelehenean, esaterako, dendak ireki eta herrien arteko garraio publikoa martxan jarri zuten.

Bangladeshen ere goraka doa kutsatuen kopurua, eta jada, 26.000 pertsonari baino gehiagori atzeman diete gaitza. Han ere, indarrean jarraitzen du berrogeialdiak. Gainera, joan den astean lehen bi positiboak detektatu zituzten rohingyen errefuxiatu kanpalekuan, eta, hango baliabide eskasia dela medio, alerta guztiak piztu dira.

Fenomeno meteorologikoaren parterik okerrenak errefuxiatu guneak dauden Cox 's Bazar ingurua jotzea espero ez den arren, kooperanteen arabera, zikloiak kalteak eragin ditzake, eta koronabirusaren aurrean are kalteberago utzi biztanleria.

Ohikoa da zikloien presentzia Bengalako golkoan. Normalean, urteko bi etapatan erregistratzen dira: apiril-maiatzetan eta urri-azaroetan. Azken urteetan, prebentziorako teknologia berriek modua eman diete Indiari eta Bangladeshi nabarmen gutxitzeko hondamendiek eragindako biktimak. Oraingo honetan, baina, pandemiaren mehatxua ere hor dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.