Arabako Mahastien tramitazioa aurrera doa, helegiteak atzera botata

Jaurlaritzak ez du onartu Errioxako Kontseiluaren kexua, eta Arabako sor-marka propioaren eskaera Bruselara bidaltzeko eskatu dio Madrili

Mahats bilketa Bastidako Tierra upeltegian. Sor-marka berriaren bultzatzaileetako bat da. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko eskaera Madrilera iritsiko da. Eusko Jaurlaritzak atzera bota du Errioxa Jatorri Izena Arautzeko Kontseiluak tramitazioaren onarpenari jarritako helegitea, eta, hortaz, tramitazioak aurrera jarraituko du. Espainiako Nekazaritza Ministerioaren esku dago orain eskaera Europako Batzordeari helaraztea, hark baitauka azken hitza.

Behin eskaera Bruselara iritsita, sor-marka propioa eskatu duten upategiek eskubidea lukete behin-behinean marka hura erabiltzeko. Ikusteko dago, ordea, EBra noiz iritsiko den. Errioxako Kontseilu Arautzaileak iragarri du irailean auzitara joko duela tramitazioa galarazteko; izan ere, haren iritziz, inguru berean bi jatorri izen izateak «kontsumitzaileak nahastuko ditu», eta bazkideen eskubideak bortxatuko.

Espainiako Nekazaritza Ministerioak ere ez du ezkutatu begi txarrez ikusten duela Arabako sor-marka propioa. Uztailaren hasieran jakinarazitako txostenean, ziurtatu zuen sor-marken Europako Legearen lau artikulu urratu ditzakeela. Txostenaren egileen iritziz, Arabako Mahastiak eta Arabako Errioxa ardo «bera» dira, «eremu geografiko berekoak, mahats bera darabilte, eta bilketa eta zukutze teknika berak erabiltzen dituzte». Are gehiago, azken horren «prestigioa» usurpatzea egozten die bultzatzaileei. Txosten hori Jaurlaritzaren eskaerarekin batera da Bruselara joatekoa.

2016an eskatu zuten Arabako Errioxako 42 upeltegi txikik Arabako Mahastiak-Viñedos de Alava sor-marka sortzea. ABRA Arabako upeltegi txikien elkarteko kideak dira eskatzaileak, baina ez dira kide guztiak —120 inguru ditu—. Are gehiago, ardogile gutxi batzuk elkartetik atera dira, babes horren kontura. Eskatzaileen argudioa da azken urteetan asko handitu dutela ekoizpena upeltegi handiek, prezioak bota dituztela, eta ez dutela aukerarik euren produktua bereizteko eta negozioa egiteko.

Matxinada zabaltzeko arriskua ikusita, Errioxako kontseiluak moldatu egin zuen bere araudia, eta aukera handiagoa eman zuen ardoa zein herritakoa edo eskualdetakoa zen nabarmentzeko. Keinu horrek tramitazioa etetera eraman zituen Arabako Mahastiaren bultzatzaileak, baina berriro abiatu zuten, Errioxak bere promes guztiak betetzen ez zituela ikusita.

Kutsu politikoa

Sor-marka berriaren inguruko eztabaidari kutsu politikoa eman diote Errioxako erkidegoan. Hango gobernuak eta alderdi politikoek «proiektu nazionalistatzat» jo dute Arabako Mahastiak sor-marka, eta argudio horiek darabilzki kontseiluak ere. Azken organo horretan pisu handia dute ardogile handiek, Arabakoak barne, eta denak kontra dira.

Euskal Herrian, berriz, osagai politikoak indar txikiagoa izan du gaiari buruzko eztabaidan, baina iritzia ematera behartu ditu alderdiak. Marka berriaren aurka azaldu dira PP eta PSE-EE, eta alde EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu. EAJn, berriz, zatiketa dago: Jaurlaritzak, Arantxa Tapiaren eta Bittor Orozen taldeak, ez dio trabarik jarri, baina uzkurrago jaso du ekinaldia Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. Arabako ardoak Errioxaren barruan gehiago bereizi ahal izatea da haien apustua, eta horretan dabiltza neurri erdiko upeltegiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.