Hagako auzitegiak esan du baduela eskumena rohingyen kasua aztertzeko

Rohingyen kontrako ustezko genozidioaren kasuak aurrera egingo du Nazioarteko Justizia Auzitegian. Epaileek atzera bota zituzten atzo Myanmarrek prozesu horren kontra aurkeztu zituen objekzioak, argudiatuta Hagako auzitegiak baduela eskumena hori aztertzeko.
Gambiak aurkeztu zuen salaketa etnia musulmanaren kontrako jazarpenaz, 2019ko azaroan, baina Myanmarrek esan zuen herrialde horrek ezin zuela kasu hori NBE Nazio Batuen Erakundearen auzitegira eraman. Epaileek, ordea, argudiatu dute genozidioei buruzko 1948ko hitzarmena sinatu zuten estatu guztiek egin dezaketela hori, eta, beraz, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren jurisdikzioa dela horretaz aritzea.
Horiek horrela, Hagako auzitegiak bi aldeen argudioak entzuteari ekingo dio orain, eta ustezko genozidioari buruzko prozesu judizialaren parte horrek zenbait urte iraungo du. Horren amaieran hartuko dituen erabakiak eta zigorrak lotesleak dira, baina Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez du modurik horien inplementazioa ziurtatzeko. 2020ko urtarrilaren 23an, auzitegi berberak Myanmarri agindu zion neurriak har zitzala rohingyak genozidiotik babesteko; behin-behineko erabaki bat da, oraingo prozesuaren amaierako ebazpena eman arte.
Gambiaren salaketaren atzean zera dago: Myanmarko armadaren operazio militar batek etnia musulmaneko 730.000 pertsona baino gehiago behartu zituela Bangladeshera erbesteratzera, 2016ko urritik 2017ko abuztura —eraso horietan gutxienez 6.700 pertsona hil zituzten—. NBEren 2018ko misio batek ondorioztatu zuen rohingyen kontrako eraso horietan «genozidio ekintzak» egon zirela, eta Ameriketako Estatu Batuen Estatu idazkari Antony Blinkenek antzeko adierazpena egin zuen, joan den martxoan.
Gobernuz kanpoko erakundeen eta etnia musulmanaren sostengu taldeen arabera, Myanmarrek ez du aurrerapausorik eman etnia musulman horretako pertsonak babesteari dagokionez. Haien egoera zaila da; esaterako, ez dute herritartasunik, ezta mugimendu askatasunik ere.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.