Nafarroako ostalaritzak martxoaren 15etik aukera du laguntzak eskatzeko

Abenduko deialdiaren aldean, landetxeek, etxebizitza turistikoek eta ekitaldiak antolatzen dituzten enpresek ere jaso dezakete dirua

Iruñeko Ultzama taberna, iragan astean, barrualdeak irekitzea baimendu zenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Abenduan, Nafarroako Gobernuak 13,5 milioi euro banatu zituen ostalaritzako eta turismoko 2.074 enpresaren artean. Orain, berriz, beste deialdi bat jarriko du abian, pandemiaren ondorioz hartu behar izan diren neurriek eragindako kalte ekonomikoa arintzeko. Orotara, 18,5 milioi euroko aurrekontua izango du.Nafarroako ostalariek eta turismoan aritzen diren jarduerek martxoaren 15etik apirilaren 14ra arteko epea izango dute laguntza eskatzeko. Proposamen bakoitza banaka aztertuko du gobernuak, eta asmoa du eskatzen den unetik hilabete bateko epean ordaintzeko. Hori egin zuen abenduan, eta «mugarritzat» jo zuen lorpen hori Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak.

Aurretik ere ezagutarazi zituen gobernuak deialdi horren ezaugarri orokorrak, baina xehetasunak jakitea falta zen. Elma Saizekin batera, nondik norakoak argitu zituen Irujok, atzo. Baldintza orokor gisa, Nafarroan egoitza izatea eskatuko zaie negozioei. Halaber, urte batetik bestera BEZaren oinarri ezargarrian %20tik gorako beherakada izatea egiaztatu beharko dute.

Logikoki, zenbat eta jaitsiera handiagoa izan, orduan eta diru gehiago kobratuko du: diru sarrerak %70etik gora erori badira, laguntzen %100 jasoko ditu; %50etik %70ra artekoa bada galera, %90ekoa; eta %20 eta %50 artekoa bada, %80koa. Gutxienez, 1.710 euro jaso ditzakete, eta gehienez 75.000 euro. Hain zuzen ere, aurreko deialdiarekin alderatuta, hirukoiztu egin da gehienezko kopuru hori.

Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, batetik, kontuan hartuko da jarduera bakoitzari neurriek eragin dioten epearen iraupena, eta, bestetik, ohiko urte batean izandako diru sarreren eta sektore bakoitzak batez beste dituen gastu finkoen arteko aldea.Horrenbestez, ostalaritzak hiru hileko diru sarreren %8,1 jasoko ditu; gaueko aisialdiko negozioek, bost hileko diru sarreren %8,1; bidaia agentziek, hamar hileko diru sarreren %3,1, eta hotel eta ostatuek, diru sarreren %13,7.

Abenduko deialditik kanpo geratu ziren autonomo asko, udan laguntza jaso zutelako. Sektorearen aldarrikapenak entzun ostean, barruan sartu dituzte, baita turismoan aritzen diren hainbat azpisektore ere: hala nola landetxeak eta etxebizitza turistikoak betiere Nafarroako Turismoan erregistratuta badaude eta jabeen jarduera nagusia turismoa bada—; ekitaldiak antolatzen dituzten enpresak; eta turismo sektoreari eta ostalaritzari handizka elikagaiak saltzen dizkioten hornitzaileak. Abenduko deialditik kanpo geratu zirenez, orduko baldintzak aintzat hartuak izan dira, eta, ondorioz, laguntzak bi zatitan jasoko dituzte. Horregatik, sektore horiek gutxienez jaso dezaketen laguntza 4.560 eurokoa da.

Guztientzako dirua dago

Elma Saizek esan zuen laguntza eskatzen duten guztientzat iritsiko dela dirua, eta, bere neurrian, «laguntza gehien» eman duen erkidegoa dela Nafarroa. Departamentuen arteko koordinazioa nabarmentzeaz gain, sektorearen aldarrikapenak entzun dituztela ere azpimarratu zuen. Saizen arabera, pandemiaren ondorioz «zaila» da jarduera normalizatuari berrekitea, baina gehien kaltetutako sektoreen egoera arintzea bilatu dute laguntzen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.