Pastor
DARWIN ETA GU

'Marmitako errepublika'

2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren konfiantza du Gotzone Sagarduik. EAEko herritar gehienek ere hura sostengatzen dute. Hori erantzun die Iñigo Urkulluk txertaketa irregularren auziagatik sailburuaren dimisioa eskatu dutenei, konfiantza osoa duela: «Konfiantza osoa. Lehendakariarena, gobernu kontseilu osoarena eta baita gobernu kontseilua edo gobernua eusten duten bi alderdi politikoena eta legebiltzar taldeena. Beraz, Legebiltzarraren gehiengoaren konfiantza. Beraz, gizartearen gehiengoaren konfiantza».

Arrisku saltoa, eta sarerik gabe. Izan ere, Legebiltzarraren gehiengoa eta gizartearen gehiengoa bat datozela agertzen duen ekuazioa ez da beti egiazkoa. Herritarrak —bozkatzen duten herritarrak, hobeto esanda— Legebiltzarrean ordezkatuta daude. Hala ere, Legebiltzarraren gehiengoa ez da beti, derrigorrez, herritar gehienen iritziaren ordezkari. Batzuetan, botoa eman dion gizartearen gehiengoaren iritziaren ordezkari ere ez —argi utzi zigun NATOri buruzko erreferendumak—. EAJren boto-emaile katoliko guztiak ados al zeuden alderdiak 16 urtez gorako emakumeei gurasoen baimenik gabe abortatzeko eskubidea onetsi zien legearen alde egin zuenean, 2010ean? Ez dugu inoiz jakingo, baina duda egiten dut.

Democratic accountability deritzon kontzeptua erabiltzen da demokrazia sendo eta garatuetan. Herritarren aurreko jarduera pertsonala. Ardura. Ez du balio lau urte barru boto-emaileek hautetsi bati aulkia kentzeko aukera izango dutela argudiatzeak. Ez. Bitartean, herritarrek eskubidea dute informazioa eta azalpenak lortzeko, erantzukizun publikoak dituztenen jokabidea egiaztatu eta epaitu ahal izateko. Behar izanez gero, beraien iritzia entzunarazteko, «botoa eman ziguten; beraz, gure jokaera onartzen dute» esaten dutenen pentsaera baztertuta. Bestela, arriskua dugu demokrazia banana errepublika bihurtzeko.

COVID-19ak 2020ko hauteskundeak baldintzatu zituen. Bozen ardatzean izan zen. Birusak eraginiko krisi sanitario eta ekonomikoari aurre egiteko neurriak aipatu zituzten alderdiek. Hala ere, inoren programan ez genuen halakorik irakurri: «Herritarrek ez dute eskubiderik pandemiaren kudeaketan izan litezkeen okerren eta bestelako irregulartasunen zuzeneko erantzuleen eta horien goiko arduradunen jardueraz kexatu edo haien dimisioa eskatzeko». Akaso uste dute Lakuan EAJ edo PSE-EEren hauteslerik ez dagoela, Sagarduiren kudeaketarekin ados egon ez, eta haren ordez beste pertsona bat jartzea begi onez ikusiko lukeenik, soilik udako igande batean haien aldeko botoa sartu zuelako hautetsontzian?

Botereak harrokeria ekar dezake. Nagusikeria. Edozer dela ere, gizartearen gehiengoaren sostengua duzula pentsatzea, Urkulluk iradoki bezala. Enpatia batzuekin erakustea —Ertzaintzak sindikalista bati sudurra apurtu eta barkatzeko eskatzen duzunean— eta beste batzuekin, ez —mutil gazte baten bizia pilotakada batez moztu zuen polizia operazioaren goiko erantzuleari kargu bat oparitzen diozunean, esaterako—. Edo alderdia eta herritarrak era ia mesianiko batez fusionatzea, Itxaso Berrojalbizek duela egun batzuk azaldu zuen moduan: «EAJri izen ona galarazten dionak euskal herritarrei galarazten die izen ona». EAJk euskal herritartasunaren monopolioa du? EAJren kontra egiten duenak Usurbil, Otxandio, Barañain edo Heletako herritarrei erasotzen die? Zer esango genuke PSOE edo PPko diputatu batek esango balu bere alderdiaren aurka ari dena espainiarrei erasotzen ari zaiela?

Barre egiten diegu banana errepublikei, baina badago arriskua bertako joerak hemen azaltzeko, Karibera joan gabe. Marmitako errepublika bat izateko, euskal labelarekin: herritarren gaitasun kritikoa gutxiesteko eta haien eskubideak mespretxatzeko. Gobernantzari eta afera publikoen kudeaketari buruzko erabakiak txoko edo soziedadeetan hartzeko, adiskidekeria lotsagabean. Gardentasuna habanoen keak lainotua. Masailak txit bizi eta gorri. Eta mahaiaren gainean hainbat kontratu-orri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.