Trump: «Immigrazioa oso txarra da Europarentzat; kultura aldatzen du»

«Kontu handia» izan dezatela «gomendatu» die herrialdeei. Goraipatu egin ditu Mayren 'brexit'-erako planak, bezperan kritikatu ostean

Trumpen aurkako protestetan 250.000 pertsona izan ziren atzo Londresen. Globo erraldoi bat atera zuten. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Asteartean Europara iritsi zenetik, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak frogatu du auzi guztiei buruz mintzatzeko gai dela. Berdin du zein den gaia, Trumpek denerako baitu jarrera bat. Bruselatik Erresuma Batura iritsi berritan, egonaldia baliatu du brexit-az eta brexit-arekin zerikusia duen gai orori buruz iritzia emateko, eta, ohi bezala, ez dio uko egin polemika sortzeari, halakoetan murgiltzea gustatzen baitzaio. Adibidez, immigrazioa: «Oso txarra da Europarentzat; kultura aldatzen du. Uste dut oso negatiboa dela Europarentzat», adierazi zuen atzo, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa alboan zuela. Hark, aldiz, migrazioa goraipatu zuen, batik bat AEBetako presidentearekiko distantzia mantentzeko, betiere mugen kontrola goraipatuz.

Etxean ez zegoen arren, Trump protagonismoa bereganatzeko lanetan izan zen berriz ere, hari begira antolaturiko bidaian. Besteak beste, migrazioa eta segurtasuna lotu zituen, lehenak bigarrenean eragin zuzena duelakoan, azken urteotako eraso jihadistei erreferentzia eginez. «Ikus ezazue zer gertatu den orain arte arazorik izan ez duten herrialdeetan. Pena da, baina ez dut uste ona denik Europarentzat. Kontu handia izatea gomendatzen dizuet». Eta aukera baliatu zuen gaia AEBetara bideratzeko: «Immigrazio lege oso txarrak daude; begira gureak. Oso ondo gaude, kontuan harturik ez dugula immigrazio legerik. Baditugu, baina hain txarrak dira, ez baititut legetzat hartzen».

Migrazioaz mintzatzeaz gain, AEBen eta Erresuma Batuaren arteko harremanaz ere aritu zen Trump, adierazpen batzuekin May politikoki umiliatzeraino. The Sun egunkariak ostegun gauean plazaratu zuen AEBetako presidenteari egindako elkarrizketa, hain justu bi agintariak afari batean zeuden bitartean. Eta elkarrizketa hori kolpe handia izan zen Erresuma Batuko lehen ministroarentzat: besteak beste, elkarrizketan dio Mayren brexit-erako planak «ziurrenik hil egingo duela» etorkizunean bi herrialdeen artean akordio komertzial bat lortzeko «aukera». Atzo, ordea, faltsutzat jo zuen albiste hori, elkarrizketa egin zion kazetarietako bat aurrean zuela, eta Mayren planak goraipatu zituen. «Brexit-aren emaitza edozein dela ere, niri ongi irudituko zait, betiere harremanak Erresuma Batu independente batekin izaten baditugu». Hitz horiek garrantzitsuak dira Mayrentzat, brexit-aren ostean giltzarri izango delako AEBekin harreman komertzial berria adostea. Ikusteko dago, baina, zein izango den Trumpen iritzia etorkizunean.

Hitzik politenak Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministro ohiari eskaini zizkion Trumpek, argudiatuz «egokia» litzatekeela lehen ministro kargurako: «Badauka kargurako behar den hori».

Harreman «oso berezia»

Prentsaurrekoa, ordea, ez zen desberdintasunak azaleratzeko garaia, bi herrialdeen eta agintarien harremana goraipatzekoa baizik.

Izan ere, eta Trumpen hitzetan, AEBen eta Erresuma Batuaren arteko harremana «oso berezia eta sendoa» da. Hori da AEBetako presidentearen egungo iritzia, baina nork daki noiz arte iraungo duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.