Londresek Errusiako bi militarri leporatu die Skripal pozoitzea

Theresa May lehen ministroak parlamentuan erran du erasoak «ia ziur» izan zuela «Errusiako Estatuaren maila gorenaren» baimena

Theresa May lehen ministroa Downing Street-eko egoitza uzten, atzo, parlamentuko saiora joateko. WILL OLIVER / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Erresuma Batuaren eta Errusiaren arteko harreman diplomatikoak egoerarik okerrenean daude Sobietar Batasuna desegin zenetik (1991), Sergei Skripal espioi ohi errusiarraren pozoitze kasua dela eta. Modu zabalagoan, gainera, horrek gehiago okertu du Mendebaldeak eta Errusiak 2014tik duten tentsio harreman nabarmena. Erresuma Batuak atzo egin zuen akusazioak are gehiago laztu du egoera. Poliziak Skripalen eta haren alaba Juliaren ustezko bi erasotzaileen irudiak eta izen-abizenak argitaratu zituen, eta Errusiako inteligentzia militarreko agente gisa identifikatu zituen —GRU izeneko erakundekoak, Skripalen berbera—. Horren ondoren, Theresa May lehen ministroak parlamentuan eman zituen xehetasunak, eta, bertze behin, Kremlin egin zuen erantzule. «GRU hagitz erakunde diziplinatua da, eta ongi ezarritako aginte kate bat du. Hortaz, hau ez da izan baimendu gabeko operazioa bat. Ia ziur, GRUtik kanpo baimendu zuten, Errusiako Estatuaren maila gorenean».

Scotland Yardek erran du GRUko ustezko kide horien izenak Aleksandr Petrov eta Ruslan Boxirov direla, baina zehaztu du «litekeena» dela ez izatea egiazko izenak. Iturri horren arabera, joan den martxoaren 2an ailegatu ziren Ingalaterrara, eta handik bi egunera alde egin zuten herrialdetik, pozoitzeak gertatu ziren egun berean. Mayk erran du bi gizon horiek Errusiatik ateratzen badira Erresuma Batuak «behar diren pauso guztiak» emanen dituela estradizioa lortzeko.

Mosku, Londresez kexu

Errusiak erasoarekin zerikusia duela ukatzen du, eta Atzerri Ministerioak atzo adierazi zuen akusatuen inguruko informazioa eskatu ziola Londresi, baina ez ziola eman nahi izan. Skripal eta Julia alaba Ingalaterrako Salisbury hirian pozoitu zituzten. Traizioa egotzita espetxeratu zuten Errusian 2004an, eta 2012tik Ingalaterran bizi da erbesteratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.